Atzoko greba, ia erabatekoa Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2012ko ira. 27a, 00:00

Askok esango luketen moduan "hilda" esnatu zen atzo Usurbil, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitu zuen greba orokorra dela eta. Kaxko ingurutik buelta bat eman besterik ez zegoen, grebak zer nolako jarraipena izan zuen ikusteko; tabernak, jatetxeak eta dendak itxita. Baita Udarregi Ikastola edota Oiardo Kiroldegia ere. Udal langileek ere grebarekin bat egin zuten. Kalean ia inor ez. Lehen orduetan frontoi inguruan izan ezik, greba orokorra dela eta, Itaya Gazte Asanbladakoek kanpaldia antolatu baitzuten bertan, astearte arratsaldetik atzo goizera. Industrialdera jaitsita, greba ia erabatekoa baita lantegietan. Salbuespenak, atzo arratsaldean burutu zen manifestaldian berri eman zenez, Urbil merkatal gunea edota Michelin enpresa izan dira.

Mobilizazioei dagokienean, greba orokorra deitu zuten sindikatuek manifestaldi bana antolatu zuten Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Gipuzkoakoa Donostian noski, besteak beste, usurbildarren parte hartzearekin. Arratsaldean, eskualde eta udalerri mailako mobilizazioak burutu ziren. Usurbilen, manifestaldia antolatu zen. 18:00ak aldera abiatu zen frontoitik eta Kaxko inguruko kaleak zeharkatu zituen. 120 lagunetik gora bildu zituen aipatu mobilizazioak. Sindikatuek aipatu dutenez, grebak jarraipen handiena Gipuzkoan izan du.