Udalak eta GSR Gestion de Servicios Residenciales S.Coop. enpresak sinaturik duten kontratua 2012ko azaroaren 17tik 2013ko azaroaren 16ra luzatuko dute. Hala erabaki zuen udalbatzak aho batez, astearte arratsaldean burutu zen osoko ohiko bilkuran. Gobernu taldeak aipatu saiora eramandako proposamen hau bozkatu aurretik, Mertxe Aizpurua alkateak adierazi zuenez, Eguneko Zentroari loturiko kontratuak urtebetekoak dira, eta hamar urtera arte luzagarriak. Kalezarren kokaturiko zerbitzua kudeatzeko esleipena 2003an burutu zen, "urtebeteko eperako, gehienez ere 10 urtera arte urte urte luzagarria, kontratua sinatzen zen egunetik kontatzen hasita". Aizpuruak gogorarazi zuenez, datorren urteko kontratua azkena izango da honenbestez, "jada hamar urte beteko lirateke" eta.
Herenegun udal ordezkariek aho batez onarturiko proposamenaren baitan bestalde, 2012-2013rako behin behineko prezioak zehazten dira, "azaroari dagokion KPIa jakitean (abenduan) doituko da luzapen prezio berria, atzeraeragintasunez". Oraingoz beraz, datorren urte honetarako Eguneko Zentroko erabiltzaileek honako diru kopurua ordaindu beharko dute:
-Astelehenetik ostiralera: 51,37 euro.
-Larunbat eta igandeetan: 54,02 euro.
Oharra: prezio berriak, behin behinekoak dira.