Udalerri Euskaldunen Mankomunitaterako (UEMA) ordezkariak izendatuak zituen Usurbilgo Udalak, iazko ekainaren 28tik. Herenegun burutu zen osoko ohiko bilkuran, ordezkarion ordezkoak izendatzea onartu zuen udalbatzak, Bilduk eta Aralarrek emandako aldeko bozkekin. Abstentziora jo zuten gainerako udal taldeek; PSE-EE, EAJ-PNV eta Hamaikabat alderdiek.
Honenbestez, UEMA erakundeko Usurbilgo udal ordezkaritza taldea zinegotziok osatuko dute:
-Jose Ramon Furundarena. Ordezkoa: Eustakio Arrojeria.
-Alaitz Aizpurua. Ordezkoa: Jone Urdanpilleta.
-Josu Portu. Ordezkoa: Jose Maria Rivadeneyra.
-Mertxe Aizpurua. Ordezkoa: Enara Arbizu.
Hauteskundeetako mahaien zozketa
Urriaren 21ean burutuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako mahaikideen zozketa ere egin zen, astearteko osoko ohiko bilkuran. Guztira zortzi hautes mahai jarriko dira hilabete barru ospatuko den hitzorduan. Mahai bakoitza, mahai buruak eta bi bokalek osatzen dute. Honenbestez, mahai bakoitzeko hiru kide titularren eta titular bakoitzaren bi ordezkoen zozketa egin zen herenegun.
Hauteskundeei lotutako beste oharra; urriaren 21ean Usurbilen bozkatu ezin dutenek, aldez aurretik, posta bidez eman dezakete euren botoa. Argibide gehiago behar dituenak, Aitzaga Elkartera jo dezake gaur, 19:00-20:30 artean.