Agerrazpiko babes ofizialeko etxebizitzen eraikitze lanek, kale berri bat sortzea ekarri dute; Olarriondo izena izango du. Munalurra kalea Aranerreka inguruarekin lotuko du, "Aranerreka parean sortuko den kale berriraino luzatuko da". Hala erabaki zuen udalbatzak, aho batez, asteartean burutu zen osoko ohiko bilkuran. Kale berri honen izendapena, toponimoak aztertu ostean proposatu da eta kale izendegia eguneratu beharra eragin du. Modu honetan; azken lanetan murgilduak dauden babes ofizialeko bi etxebizitzek, helbide gisa, 2 eta 4 zenbakiak izango dituzte hurrenez hurren. Kale berean 7 eta 9 zenbakiak izango dituzten udal baratzak kokatuko dira. Honekin batera, lehendik bertan zeuden etxebitzak, zenbakidun "sakabanatuak" izatetik, helbide berriok edukitzera igaroko dira:
-Olarriondoberri: "Olarriondo kalea, 1" (lehen, Sakabanatuak 5).
-Luarri: "Olarriondo kalea, 3" (lehen, Sakabanatuak 7).
-Olarriondozarra: "Olarriondo kalea, 5" (lehen, Sakabanatuak 6).
-Agerreazpi:"Olarriondo kalea, 11" (lehen, Sakabanatuak 8).
Udal ekipamenduko eraikin bat ere kokatuko da inguruotan, babes ofizialeko bi etxebizitza eraikin berrien ondoan hain zuzen. Guneak helbide hau izango du: Munalurra kalea, 26. Eta, aipatu moduan, udal baratzek, honakoa: "Olarriondo kalea, 7-9". Udal baratzei loturiko beste erabaki bat ere onartu zuen udalbatzak.
Aldaketak, udal baratzen ordenantzan
Udal baratzen emakida eta erabilera arautzeko erregelamenduaren aldaketa hasieraz onartzea erabaki zuen udalbatzak. Ordenantza honen 5, 6 eta 11 artikuluetan aldaketak txertatzea proposatu zuen gobernu taldeak. Bosgarren artikuluak, udal baratzak emateko baldintzak, eskaerak aurkezteko epea eta emakida erabakiko duen organoaren zehaztasunak jasotzen ditu, seigarrenak, baratzeen erabilerari buruzkoak eta hamaikagarren artikuluak, fidantzaren inguruko gorabeherak.
Proposatu ziren aldaketen alde bozkatu zuen gobernu taldeak, Aralarrek eta EAJ-PNV-k. Abstentziora jo zuten aldiz, PSE-EE eta Hamaikabat udal taldeek. Herenegun onarturiko erabakia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratuko da. Argitaratu ostean, biharamunetik zenbatzen hasita, erreklamazioak aurkezteko 30 lan eguneko epea egongo da. Denbora tarte horretan, inork alegaziorik aurkeztuko ez balu, araudia behin betiko onartutzat joko da.