Gaur argituko da, ondoko argazkian ageri eta azken asteotan Dema plazan eskegita egon den pankartaren edota web orrialde honetan agertu diren mezuen esanahia ("Txirrita@Txirrita @gazteak tabernarako atea zabalik ikusten diat, hobe duk paso egitea eta kaleari eskua hartzea. #guprestzu?", "LazkaoTxiki@joxemiel @Franco hirekin eskua gonapean edukitzea ere pekatu huan. #guprestzu?").
"#guprestzu?" hashtag formatuan luzaturiko galderaren bidez, ostiral honetarako antolatua dagoen gazte mugimendu berri baten aurkezpen ekitaldia iragarri nahi zuten deitzaileek. Jai giroan burutuko da, 20:30etarako finkatu duten ekitaldia. Aurretik trikipoteoa egingo da baita, eta eguna borobiltzeko bertso-afaria. Hona hemen, lotu duten egitaraua:
19:00 Trikipoteoa Aitzagatik abiatuta.
20:00 Herrirak deituriko kontzentrazioa.
20:30 Gazte proiektu berri baten aurkezpen ekitaldia.
21:30 Bertso afaria Ane Labaka eta Unai Gaztelumendi bertsolariekin.
Parte hartzeko deia
"Gazte izatea adin kontu bat baino gehiago da, errebeldetasunaren ikurra da, aldaketa ikurra. Gu gara etorkizuna eta guri dagokigu etorkizun hau eraikitzea. Gazteok iraultzarako, amets egiteko, erroko aldaketa burutzeko, ... dugun gaitasuna probestu eta Euskal Herri aske eta sozialistaren norabidean kokatzeko prest gaude, finean gazteon bizi baldintzak hobetuz. Honetarako, gazteok, ez gara inoren zain egongo, gure bidea marraztu behar dugu. Gure errealitatetik eta gure ikuspegitik egoera iraultzeko tresnak erabaki eta martxan jarri beharko ditugu", adierazi dute mugimendu berriko eragileek.
Esku hartzera deitzen dute, sarean bideo bat ere jarri dute: "Etorkizun hobe bat lortzeko bidean, denok gara beharrezkoak, ni, zu eta bera; gu, zuek eta haiek!!! Beraz, entzun, hitz egin, hausnartu, kritikatu eta PARTE-HARTU!!! GAZTE ZUKGUA!!! NORBANAKOTIK KOLEKTIBORA!!! (http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=DgUzX5GPKHQ) ZUK NAHI DUZUN DOINU ETA NEURRIAN!!! #GUPRESTZU?"