Erretzea uztekotan denak, orain du aukera; Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuek ikastaro bat antolatu dute. Erretzeari uzteko ikastaroa, eta bertan, bi alderdi jorratuko dituzte; "tabakoarekin ikusi beharra duten bi dependentzia lantzen ditugu: dependentzia fisikoa eta psikologikoa".
Ikastaroa urriaren 30ean hasi eta abenduaren 18an amaituko da. Saioak astean behin izango dira, asteartero, 18:30-19:45 artean, Artzabalen. Ikastaroa, Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologo Maider Sierrak bideratuko du. Taldea gutxienez zortzi kidez osatuko da, asko jota 14 kidez. Ikastaroan izen ematea irekia egongo da, urriaren 26ra arte; Gizarte Zerbitzuen bulegoan edota 943 371 110 telefono zenbakira deituta. Ikastaroa doakoa izango da.
Edukia
Aipatu moduan, ikastaroan zehar tabakoa erretzearekin lotuak dauden dependentzia fisiko eta psikologikoa landuko dira. "Dependentzia fisikoaz hitz egiten dugunean nikotinak sortzen duenari buruz ari gara. Erretzeari uztean, nikotina faltak gorputzean abstinentzia sindromea sor dezake. Honi nola aurre egin lantzen dugu lehenego saioetan.
Dependentzia psikologikoaz ari garenean berriz, erretzaileak ekintza honen inguruan sortu duen prozesu guztia kontuan hartzea suposatzen du: ohiturak, erlazioak, automatismoak…egoera emozionalei oso lotua egoten da kontsumo hau. Erretzeari uzteak jarrera aldaketa bat suposatzen du pertsonarengan. Eta horrek zailtasunak sor ditzake. Jakin badakizu ez dagoela errezeta magikorik, sekretua egunerokotasunean agertzen diren zailtasunei aurre egitean datza. Hori da taldeetan egiten duguna. Horretarako baliabide pertsonak eta erorketak saihesteko teknikak lantzen ditugu", berri eman dute antolakuntzatik.