Datorren astean hasiko diren San Praixkuetarako girotzen hasteko aukera izango da larunbat honetan, irailaren 29an, Aginagan ospatuko diren estropaden bidez. Gizonezkoen VI. Trainerila txapelketa ospatuko da, eta iragartzen joan garen moduan, estreinakoz emakumeen arteko lehia ere ospatuko da Oriako uretan. Festa giroa, 15:00etatik aurrera joango da nagusitzen erriyo bazterrean. Arraunlarien etorrera, entrenamendu saioak, eta noski, proba bera, zuzenean eta gertutik ikusteko aukera egongo da larunbat honetan. Ikusteko modukoa izango da, ziur.
Seina ontzik parte hartuko dute gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketan. Aginagak ordezkaritza bana izango du:
-Emakumezkoen taldea: Sarai Lizaso, Itsaso Azkonobieta, Leire Begiristain, Enara Beloki, Nagore Aparicio eta Amaia Arregi.
-Gizonezkoen taldea: Andoni Peña, Erik Aranburu, Iñaki Errasti, Gorka Puertas, Asier Puertas eta Josu Ostolaza.
Bi taldeetako patroia: Markel Eizagirre.
EMAKUMEZKOEN I. TRAINERILA TXAPELKETA
-Partaideak: Getari, Orio, San Juan, Hondarribi, Hibaika, Agiña.
GIZONEZKOEN VI. TRAINERILA TXAPELKETA
-Partaideak: Agiña, Hondarribi, San Juan, Getari, Kaiku, Orio.
Udala, laguntzaile
Larunbateko estropadak diruz lagunduko ditu Usurbilgo Udalak. Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, "ekimen hau sustatze aldera, Agiñako Jai Batzordeak Udaleko Parekidetasun sailetik eta Usurbilgo Kirol patronatutik diru laguntzak jasoko ditu. Bi helburu nagusi betetzen dira ekimen honekin, alde batetik, herrian antolatzen edo sustatzen diren kirol-jarduera guztietan emakumezkoei parte hartzeko aukera bermatzea eta bestetik herriko nahiz auzoko jaietan emakume eta gizonen parte-hartze orekatua lortzea".