Iraileko estreinako mobilizazioan argi zioten antolatzaileek; arazoa konpondu bitartean, hilero lehen ostiraletan elkarretaratzea deituko zutela. Urrian sartu berriak gara gaur, eta honenbestez, lau egun barrurako, hilaren 5erako, kutsaduraren aurkako kontzentrazioa antolatu du Itaya Gazte Asanbladak. Duela hilabete egin bezala Atxegalden 20:00etan, N-634 errepide bazterrean.
"Usurbil osasuntsuago bat lortzeko" deitu dute elkarretaratze hau. Hona hemen, irailaren 7an burutu zen lehen mobilizazio hartan, deitzaileek irakurri zuten komunikatua:
Duela urte batzuetik hona, usurbildarrak, eta bereziki, Atxegaldeko bizilagunak, oso kezkatuak gaude herrian zehar, UCINek zabaltzen dituen usaien eta keengatik. Urte guzti hauetan Ucinen isurketek osasun arazo amaigabeak sorrarazi izan dizkigu usurbildarroi eta gehienbat atxegaldetarrei, tartean, eztarri eta begietako narritadurak. Ez dira kasualitatea auzoan agertu diren minbizia arazoak ere. Honen aurrean enpresak beti ukatu izan du bera dela arazo guzti honen eragile eta azaldutako kexei entzungor egin die.
2004tik honaino urtero egon da auzotarren ahoan gai hau eta konponbiderik ez zaio eman inondik ere arazoari. Gure ustetan gainera arazoa konpontzeko egin izan diren txostenaren emaitzak ez dira sinesgarriak. Pentsatzen baitugu, txosten horren baitan egin ziren neurketak, enpresa jakinaren gainean zegoela egin zirela. Emaitza hauek gure ustez ez dira eguneroko isurketen islada, aldez aurretik jakinda legezko mugetara jaitsitako kutsadura baizik.
Egoera honetan, Itaya asanbladatik elkartasuna adierazi nahi diegu herritar kaltetu guztiei, eta arazoa lehenbailehen konpondua izan dadin neurriak hartzeko exijitzen diogu Jaurlaritzari, arazo honen aurrean eskumenak dituen instituzioa bera baita. Udalari ere, afera honen inguruan lanean jarraitzera bultzatzen diogu.
Azkenik aipatu kontzentrazioa hilero egingo dugula lehen asteko ostiraletan arazo honi irtenbidea eman arte.
Gora Usurbil osasuntsua. Belar txarrak errotik! Itaya gazte asanblada