Gazte mugimendu berria eratzeko, lehen asanblada urriaren 12an

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 1a, 00:00

Urriaren 12an, arratsaldeko 16:00etan Aitzaga Elkartean. Hauxe da, joan den ostiralean frontoian jendaurrean aurkeztu zen Euskal Herri mailako gazte mugimendu berriko kideek, finkatu duten lehen asanbladarako hitzordua. Aipatu moduan, ostiral iluntzean burutu zen aurkezpen ekitaldia frontoian. Bertan nabarmendu zutenez, “Gazteok, jendarte eredu honek eta Euskal Herriak bizi duen egoeraren aurrean badugu zer esan. Eta zer borrokatu. Gazteok, ez gara inoren zain egongo, gure bidea marraztu behar dugu. Gure errealitatetik eta gure ikuspegitik egoera iraultzeko tresnak eraiki eta martxan jarri beharko ditugu”, adierazi zuten. Triki poteoa ospatu zuten aurretik, bertso afaria ondoren Aitzaga Elkartean.

Horretarako prozesu eratzailea abiatu asmo dute, “herriko gazteriaren iritzi eta proposamenetatik abiatu eta herriaren beharrei erantzungo dien tresna osatze aldera”. Parte hartzera deitzen diete gazteei. “Denok gara beharrezkoak, ni, zu eta bera; gu, zuek eta haiek! Hau dela eta, herriko gazte guztiei, independentzia eta sozialismorantz eramango gaituen gazte mugimendu berriaren prozesu-eratzailean parte hartzera animatzen zaituztegu, denon ideiak eta denon indarrak baitira beharrezkoak herri aske bat lortzeko”. Testuinguru honetan burutu dute, urriaren 12ko lehen asanbladarako deialdia.