Ikasturte berria, gaur abiatuko da euskaltegian

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 1a, 00:00

Urrian sartzearekin batera, 2012-2013 ikasturtea abiatuko dute hileko lehen egun honetan, Etumeta AEK euskaltegian. Edozein argibide edo informazio jasotzeko, hauexek dira euskaltegiarekin hartu emanetan jartzeko dauden komunikazio bideak: 607 609 379 telefono zenbakia, usurbil@aek.org posta elektronikoko helbidea edota egoitza bera; Kale Nagusia, 45 behea (Zumarte ondoan).

Matrikulazio epea iraila hasieran ireki zuten euskaltegikoek. Orduan, honako eskaintza iragartzen zuten hasi berri den ikasturte honetarako: goizeko taldea (astelehenetik ostegunera, astean 10 ordu, bi ordu eta erdiko klaseak), arratsaldeko taldea (astelehenetik ostegunera, astean 8 ordu, bi orduko klaseak), edo EGA prestatzeko taldea (astean hiru egun, bi ordu eta erdiko klaseak). 

Euskaltegitik bertara gerturatzeko gonbita luzatzen dute, "inoiz ez da berandu" euskara ikasi edo hobetzeko, "premia badago, beti da garaia". Klaseak norbere beharretara bideratzen dituzte, horretarako gainera, ikasturte hasieran, "beti diagnosi bat egiten da". Hortik aurrera, taldeak osatuta, bakoitzak bere erritmoa darama ikasturtean zehar. 

Mintzalagunen, parte hartzea gorantz
Mintzalagun ekimenak ere jarraituko du ikasturte honetan ere. Bertan parte hartzen ari direnen aldetik gustura dabiltza, eta euskaltegitik gaineratzen dutenez, "taldea sendotu, finkatu da. Urtetik urtero jende gehiagok parte hartzen du". 40 inguru mintzalagun ditu jada, Usurbilek. Ekimenaren helburua, kalean ere euskaraz hitz egitea da. "Klaseak oso garrantzitsuak dira. Baina are gehiago, klasetik kanpo egiten dena. Euskaraz hitz egitea", adierazi digute Etumetatik. Mintzalagunen parte hartzeko gogoz denak, euskaltegira izen ematera joan besterik ez du. Mintzalaguneko taldeak egin izan duen irteeretako bat, ondoko irudian duzue.

Korrika 18
"Euskara bizia", hauxe da AEK-k aurtengo kanpainarako hautatu duen lema. Ekimen ezagun bat bueltan dakar gainera. Ez ahaztu, bi urtez behin ospatu ohi den euskararen aldeko lasterketa ere, 2013ko martxoan burutuko da. Korrika badator, adinez nagusi bihurtuko duen 18. edizioarekin. Zehaztasun guztien berri, datozen hilabeteetan emango dute.

Diru-laguntzak
Euskara ikasten ari direnek udal diru-laguntzak jasotzeko aukera izan ohi dute. Matrikula kostuaren %80 itzuli ohi zaie, ehuneko berean klaseetako asistentzia izan duten ikasleei. Matrikula kostuaren %100 itzultzen zaie aldiz, langabetuei eta 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoei. Eskaerak egiteko deialdia ekainean burutu ohi du Usurbilgo Udalak.

Euskaltegiko lana gizarteratzeko lanabes berriak
Euskaltegi barruan burutu ohi duten lana gizarteratu asmoz, blog berri bat zabaldu dute Usurbil eta Lasarte-Oriako Etumeta eta Muntteri euskaltegiek: muntteri.blogspot.com.es. Bertan, ikasleek ateratako argazkiak edota eurek prestatutako testuak zintzilikatzen dituzte. Euskaltegi barruan zein kanpoan burutzen duten jardunaren isla izan nahi du blog berriak. Etumetatik iragarri dutenez bestalde, urte amaierarako sare sozialetarako jauzia egin nahi dute.

Irudia: Etumeta AEK.