Artikutzara goiz pasa Andatzakoekin, urriaren 21ean

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 2a, 00:00

Urriaren 21ean Artikutzara joateko irteera antolatu dute Andatza Mendizale Elkartekoek. Goizeko 7:30etan jarri dute biltzeko hitzordua, Oiardo Kiroldegian. Joan etorria autoz egingo da. Mendi irteerari buruzko zehaztasun gehiago, antolatzaileek aurreratu dituzte web orri bidez: "Artikutza, lurrez Nafarroa da, Goizueta, hain zuzen, baina Donostiak erosi zuen. Gipuzkoako parajerik euritsuena da, penintsulako hezeenetakoa. Oiartzungo mendiek, Lesaka, Arantza, Zubieta, Beintza-Labaien eta aipaturiko Goizuetak inguratu egiten dute Artikutza. Guztira 3700 hektarea dira eta 30 kilometroko perimetroa dute. Bertan natur aberastasun handia dago. Merezi du bertako gure ibilbidean zehar gidalagun izango ditugun pagadi, antzinako olak eta ura ezagutzea.

Zeharkaldia Ezkax herriko aparkalekuan hasiko dugu (650 metro). Bertan goardaetxea dago. Langa igaro eta PR-Na 125 seinalea jarraituko dugu. 1,5 km ingurura Madariarteko soilgunea aurkituko dugu, non inausitako pago asko eta ikazkinen txondor arrastoak dauden. Beti ere marra zuri-horiak jarraituz Burnaztietako atakara joko dugu (745 m.) non cromlech bat aurkituko dugun. Aurrerago, berriz, etxaldearen muga markatzen duen langa eta etxola bat dagoen lekutik pasatu ondoren, Bidangoko bidegurutzea topatuko dugu. Hemen PR-Na 125 indikazioari segituko diogu Pagolletako gaineraino eta, geroago, Amekurruneko muinora iritsiko gara. Muino honetan, beti ere etxaldearen barrutia inguratuz (hesia gure ezkerretara), Izuruntz adierazten duen indikazioari jarraituko diogu.

Pagadian apur bat gora goaz, mendi soila dator haren amaieran, eta, halako batean, Izuko gailurra erdietsiko dugu (829 m.). Aranatzeko harana bertan eta Belagoarainokoa urrunean, begiraleku bikaina dugu Izu. Izuko tontorretik Artikutzako auzora iritsiko gara maldan behera zuzen-zuzenean.

Artikutzako auzoan gaur egun bertan 9 auzotar bizi dira. San Agustin eliza, administradorearen etxea, Enobietako urtegia eraikiarazi zuen ingeniariaren etxea… Hemendik elizondotik doan pista hartuko dugu, PR-Na 125 bideko markak, eta, zenbait metro geroago, gure eskuinetik, pinu batzuen ondotik doan bide zidor bat aukeratuko dugu zeinak urtegiaren isurbideraino eramango gaituen.
Urtegiaren horma igo eta goiko partetik begiratuz urputzuaren zati bat ikusi ahal izango dugu  Hemendik bide bat ateratzen da zeina berriro ere PR-Na 125aren markekin lotzen den. Beti beraiei jarraituz, txangoaren hasiera puntura helduko gara berriro Ezkaxen, eta, horrela, natur interesgune interesgarria den Artikutzako parajea zapaltzeari amaiera emango diogu".