Zenbateraino erabiltzen dugu euskara kalean? Erantzuna, urriaren 8an

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 3a, 00:00

Zenbatekoa da euskararen erabilera kalean entzuten ditugun elkarrizketetan? Duela hamar urte baino gehiago ala gutxiago entzuten da euskara gure kaleetan? Galdera hauek eta beste hainbat erantzuten saiatu dira Soziolinguistika Klusterrekoak. Kaleko euskararen erabileraren nondik norakoak ezagutzeko neurketa egin dute, bost zonaldeetan; Aginagan, Santuenean, Zubietan, erdigunean eta Olarrondo inguruan. Orain, neurketa horren emaitzak aurkezteko garaia da. Astelehenean, urriaren 8an emango dira ezagutzera datu guztiak, Usurbilgo Udalak 19:00etan Potxoenean antolatu duen ekitaldian.

Soziolinguistika Klusterreko ordezkariek emango dute zehaztasun guztien berri. Euskararen egoeraren inguruko ikuspegia marraztuko dute datuokin. Haurren, gazteen eta nagusiagoen artean erabilera zenbatekoa da? Gizonezkoen eta emakumezkoen hizkuntza-portaeren artean ba al dago alderik? Elkarrizketetan haurren presentziak eragiten al du euskararen erabileran? Zenbat hitz egiten da erdigunean? Zenbat Santuenean edo Aginagan? Galdera hauen eta beste batzuen erantzunak, datorren astelehenean emango dituzte ezagutzera.