III. Antzerkizale Eguna, azaroaren 3an Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 4a, 00:00

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) urtero antolatzen duen Antzerkizale Egunaren hirugarren edizioa, aurtengoa, Usurbilen ospatuko da azaroaren 3an. Gaur eguerdian aurkeztu dute ekimena, Potxoenea kultur etxean burutu den ekitaldian. Egun osoko egitaraua prestatu dute, Txerriki taldekoekin, NOAUA! Kultur Elkartearen parte hartzearekin edota Udalaren laguntzarekin batera. 

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, azaroaren 3ko ekimenarekin, baita udazkenerako iragarri dituzten beste hainbat hitzordurekin, sare bat sortu nahi dute; AntzerkiZale Sarea. Antzerki zaletuen, antzerki taldeen eta udalerrien arteko sare bat, antzerkigintza bultzatuko duena. "Herriz-herri, eskualdez-eskualde, antzerkizaletasunaren aldeko dinamika sustatuz, adibidez, antzezlanak maiztasun gehiagorekin programatu ahal izango dira", berri eman dute antolatzaileek. EHAZE eta Txerriki antzerki taldeko kide Alex Tellok iragarri duenez gainera, 2013an, urte osoko egitarau bat osatzeko erronka dute. Gaurko agerraldian esan dutenez, "sarea denon artean osatuko dugu". 

Asteroko eskaintza
Urrian jada, astero astero antzezlan bat eskainiko da inguruko udalerrietan. Azkena, Usurbilen, hilaren 26an, 20:00etan Sutegin; "Izan Bedi Emakumea" Azkoitiko Koldarrak taldekoen eskutik. Eta astebete beranduago, azaroaren 3an, Usurbilen baita, III. Antzerkizale Eguna ospatuko da. Egitaraua web orrialde honetako Agenda atalean kontsulta dezakezue. Informazio gehiago: www.antzerkizale.com