Gauerdian abiatuko da, hauteskunde kanpaina

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 4a, 00:00

Ofizialki, gaur gauerdian, 00:00etan emango zaio hasiera urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainari. Une horretan hasi, eta hilaren 19ko eguna amaitu arte, hitzordu honetara aurkeztu diren hautagaiek herritarrei bozka eskatzeko aukera izango dute.

Hauteskunde kanpaina hasi dela, Usurbilen nabarituko ere nabarituko da egunotan. Alderdi edo koalizio desberdinen kartelak ikusgai izango dira udalerriko txoko desberdinetan. Horien artean, EH Bildukoak, gaurko afaria antolatu dute 21:30etan eta gauerditik aurrera, kartel pegada burutuko dute. 

Posta bidez bozkatzeko argibideak
Bestalde, datorren urriaren 21ean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ospatuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunean bozkatu ezin duenak, aldez aurretik, urriaren 11 baino lehen botoa posta bidez eman dezake. Modu honetan bozkatzeko argibideak behar dituenak, Usurbilgo Ezker Abertzaleak behar beste informazio eskaini nahi die herritarrei. Gaur, azken aldiz. Interesdunek, 19:00-20:30 artean Aitzaga Elkartera hurbildu besterik ez dute. Besteak beste, honako zehaztasunen berri jasotzeko aukera izango da bertan; "zer egin behar den posta bidez bozkatzeko, aurkezpen-lekuak, posta bidezko botoa eskatzeko epeak,…". Sarean ere gai honi buruzko zehaztasunak eskainiko dituzte, usurbileginez.com helbidean.