Haurrak, oilasko biltzaileak eta herri kirolak, San Praixkutako protagonistak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 5a, 00:00

Jaietako egun handia ospatu zen atzo Aginagan, San Praixku Eguna. Eta gaur, ostiralarekin, festen lehen asteburu atarira heldu gara. Hasteko, urriaren 5 honetan, haurrek izango dute dibertitu eta ondo pasatzeko lehentasuna. Goizean jokoak ospatuko dira, bazkari baten bueltan bilduko dira gero. Eta arratsaldean, nekatu arte saltoka aritzeko aukera izango Jai Batzordekoek jarriko dituzten puzgarrietan. Indarrak berreskuratzeko, txokolate jana izango dute gero. Eta buruhandien zain dagoenak, gaur arratsaldean Aginagara joan besterik ez du. Hau guztia, Haurren Eguneko egitarau oparoak dakarrena.

Esku pilotako finalak
Aginagako X. Esku Pilota Txapelketako irabazleak nortzuk diren gaur gauean jakingo da. Azken neurketa honetako bi bikoteak, aginagar bat tartean (Xabier Errasti), 22:00etatik aurrera, Hariztitxo frontoian lehiatuko dira:

Intsausti - Mitxelena  -----  Errasti - Altuna

 (Añorga)  (Arantza)         (Agiña)  (Berrobi)

Kontzertu gauetik oilasko biltzera
Jai giroak ez du etenik izango asteburuan. Gauerdian Eliza Zaharrean kontzertuak hasiko dira, eta hortik gutxira jarri dute, oilasko biltzera irteteko ordua. 6:00etan gosaria, eta 30 minutu geroago ibilaldi hasiera.

Agiña eta Lasarte aurrez aurre
Asteburuari begira antolatu diren beste ekitaldien artean, herri kirolak daude. Oraingoan, agiñarrek Lasartekoekin neurtuko dituzte indarrak, igandean 18:00etan hasita. Bezperan, iragan asteburuan ospatu ziren estropadetan parte hartu zuten Agiñako arraunlariekin herri afaria izango da frontoian. 

Asteburuko egitarau osoa, hemen:

Urriak 5, ostirala: Umeen Eguna
10:00 Haurren jolasei hasiera emango zaie.
13:00 Haurrentzako bazkari goxo goxoa (helduek eurena ordaindu beharko dute).
16:30 Puzgarri ezberdinak denontzako.
Jarraian, txokolate banaketa eta buruhandi bizkor bizkorrak.
22:00 Aginagako X. Txapelketako esku pilota finalak.
24:00 Eliza zarrean kontzertuak: Artobixar, Escandalo publico, Hotzikara.
Parranda ederraren ostean eguna argitzen ikustera… TIPI TAPA mendira!!

Urriak 6, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna
06:00 Oilasko biltzaileen gosaria.
06:30 Oilasko biltzaileen irteera trikitilariez lagundurik.
20:00 URKO MENAIA Kantariarekin Euskal abestien emanaldia.
21:30 Herri afaria frontoian, arraunlariekin batera. ANIMATU!!!
24:00 Jalisko Band-ekin dantzaldia.
03.00 DJ Kankar Eliza zaharrean. Mugitu hankak eta gerriak!!!

Urriak 7, igandea
09:00 Tiro platoa.
18:00 Herrikoen herri kirolak: AGIÑA VS LASARTE. Zatoz animatzera!!!
Ondoren, sagardo eta sardin dastaketa bikaina.
Bitartean, XXX. Toka Txapelketa herrikoia.