Igande honetan, urriaren 7an ospatuko da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa. Usurbildik gertu, Andoainen oraingoan, Aita Larramendi ikastolaren alde, “on egin” lemapean. Ekimen honekin bost helburu nagusi bete nahi dituzte:
-Inbertsio gastuei aurre egitea. Ikasleen matrikulazioak gora egin du eta 3. lerroari eusteko gela berriak eraiki behar ditugu. LH 3-6 eta DBH 1-4 mailetarako 3. lerroari erantzuteko 9 gela berri izango dituen eraikin berri bat egin behar dugu.
-Herrian eta bailaran, Ikastola mugimenduaren erreferentzia indartzea, proiektua zabalduz eta ezagutaraziz.
-Herritarrei ikastolarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko gertu sentitzeko aukera ematea.
-Kilometroak festa herritarren parte hartzearekin egitea, bere sentitzea.
-Euskara eta euskal kulturaren inguruko jarduerak biziberritzea, hezkuntza komunitatea osatzen duten taldeen partaidetza sustatuz.
Antolakuntzatik autobusez edo trenez gerturatzea gomendatzen dute. Eguraldi ederra iragarri dute etzirako. Giro bero eta eguzkitsua. Informazio gehiago: kilometroak.net web orrian. Egitaraua, ondoko irudian klikatuta. Ohi bezala, zirkuitu baten inguruan ospatuko da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa. 6,36 kilometroko luzera izango du ibilbideak, eta bost gune: Aita Larramendi ikastolan bertan lehena, Sorabillan bigarrena, Etxeberrietan hirugarrena, Goikoplazan laugarrena, eta Martin Ugalde Kultur Parkean bosgarren eta azkena.
Laguntzarako deia
Jaialdi egunean bertan, antolakuntzarako laguntza behar dute. Animatzen direnek kmk12.gizabaliabideak@ikastola.net helbidera idatzi dezakete, 688 608 825 telefono zenbakira deitu, edo kilometroak.net bisitatu. Web orrialde berean, ibilbidea, egitaraua eta igandeko jaialdiaren inguruko zehaztasun guztien berri ematen ari dira.