Usurbilgo aire kalitatea hizpide nagusi izango duen bilera deitu du Usurbilgo Udalak, ostiral honetarako, urriaren 5erako, 18:30etan Potxoenean. Gai honen inguruan azken hileotan antolatzen duen bigarren hitzordua da honakoa, aurreko bilkura Atxegalden burutu baitzen ekaina amaieran. Ekitaldian, Jose Maria Rivadeneyra ingurumen alorreko udal zinegotziak parte hartuko du.
Elkarretaratzea
Bestalde, ostiral honetarako deitua du baita Itaya Gazte Asanbladak, kutsaduraren aurkako elkarretaratzea. Irailean egin bezala, gaur arratsaldeko 20:00etan finkatu du hitzordua, Atxegalden, N-634 errepide bazterrean. Duela hilabete burutu zen lehen elkarretaratze hartan deitzaileek gogorarazi zutenez, kea eta usain txarrekin dagoen arazoa konpontzen ez den bitartean, hilabetero antolatuko ditu kontzentrazioak. Hilero, lehen ostiraletan, "UCINek gure osasunarekin jolasten du" aldarripean.