Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna, Aginagaraino aurten

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 5a, 00:00

Urriaren 14an ospatuko da aurten, Buruntzaldeko Ibilbideen 5. Eguna. Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek antolaturiko ekimenak berrikuntza nagusi bat dakar edizio honetan; ibilbidetako bat, Lasarte-Oria eta Usurbil lotzen dituena, Aginagaraino luzatuko da. Kontrol guneetako bat ere bertan jarriko dute, Mapil ondoan, eta amaieran jarri ohi duten autobus zerbitzuko lehen geltokia ere Aginagan kokatuko da, Ezpaldiko gasolindegian. Goizez 9:00etan hasi eta 14:00ak arte antolakuntzak, eta ekimeneko laguntzaile diren Andatza Mendi Elkarteak, Euskalduna Mendizale Elkarteak (Andoain), Ostadar K.F. Mendiko Sailak (Lasarte-Oria) eta Super Amarak, Buruntzaldeko txoko eta udalerriak zeharkatzen dituzten bost ibilbideetatik barrena osteratxoa egiteko gonbita luzatzen diete herritarrei. Inguruotako udalerri, bide eta paisaiak ezagutzera ematea da hain zuzen, kirola egiteko ohitura sustatzearekin batera, ekimen honen bidez antolatzaileek bultzatu nahi dutena. 

Edizio honetarako proposatzen diren bost ibilbideetatik bi egiten dituenak gainera, poliesterrezko motxila bat jasoko du opari. Zehaztasun hauen eta gainerakoen berri gaur goizean eman dute jakitera, Buruntzaldeko lau udaletako ordezkariek Lasarte-Oriako Udaleko pleno aretoan burutu duten agerraldian. Bosgarren edizio honetan, honako ibilbideok osatu ahal izango dira, hilaren 14an, goizez, 9:00-14:00 artean: 

Andoain-Lasarte-Oria:
Koloreak: urdina, urre zaharra.
Luzera: 7,9 km.
Oharra: oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.

Andoain-Urnieta
Koloreak: urdina eta berdea.
Luzera: 4,8 km.
Oharra: oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Andoain-Usurbil
Koloreak: berdea eta laranja.
Luzera: 14,9 km.
Oharra: soilik oinez egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.

Lasarte-Oria-Urnieta
Koloreak: urre zaharra eta berdea.
Luzera: 3,9 km.
Oharra: oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Lasarte-Oria-Usurbil
Koloreak: urre zaharra eta laranja.
Luzera: 4,5 km (Santuenearaino), 9 km (Aginagaraino).
Oharra: oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Kontrol guneak eta mokaduak
Ibilbideotatik barrena osteratxoa egin nahi duenak, kontuan izan dezala, udalerri bakoitzean kontrol gune bat jarriko dutela, argibideak jaso eta mokadutxo bat dastatzeko. Kontrolguneok, lekuotan egongo dira:

Usurbilen: Santueneako Zorrotzeko zubi parean eta Aginagako Mapil baserri ondoan.
Andoainen: udaletxe azpian.
Lasarte-Orian: San Pedro eliza ondoko plazan.
Urnietan: udaletxe azpian.

Autobus zerbitzuak
Ibilaldi amaieran, bueltatzeko autobus zerbitzua jarri du antolakuntzak aurten ere. Orduotan eta geltoki hauetatik igaroko da:
Aginagan (Ezpaldiko gasolindegian): 12:00, 13:00, 14:00.
Usurbilen (San Inazio errotondan): 12:05, 13:05, 14:05.
Lasarte-Orian (Dorretxeko errotondan): 12:15, 13:15, 14:15.
Andoainen (Goiko Plaza atzealdean): 12:30, 13:30, 14:30.
Urnietan (Kioskoko geltokian): 12:40, 13:40, 14:40.