Atzo aurkeztu ziren Potxoenean, euskararen kaleko erabilerari lotuta Soziolinguistika Klusterrak burutu duen azken ikerketaren emaitzak. Euskal Herri osoko 97 udalerri neurtu dituzte, tartean Usurbil. Udalerri honetan, kaleko erabilera %61,9koa dela ondorioztatu dute. Hau da, hamarretik sei euskaraz mintzatzen zirela ikerketa unean.
Datu hau lortzeko, Soziolinguistika Klusterrekoek ez zuten inkestarik egin herritarren artean. Aldez aurretik Usurbilen diseinatuak zituzten bost zonalde hautatu zituzten; Kaxkoa, Santuenea, Olarriondo, eta ikerketaren seigarren edizio honetan lehen aldiz, baita Zubieta eta Aginaga ere. Inguruneotan, ibilbide bana osatu zuten bi lagunek. Diskrezio osoz, inguruotan kalean zebiltzan herritarren elkarrizketak aztertu zituzten: solaskideen profila (sexua, adina), solasaldirako erabiltzen ari ziren hizkuntza, edota tartean haurrik ba ote zegoen edo ez.
Ikerketa duela urtebete, 2011ko udazkenean burutu zen. Emaitzak, aipatu moduan, atzo iluntzean Potxoenean burutu zen ekitaldian eman zituzten ezagutzera. Hona hemen, aurrerapen moduan, zenbait datu:
BEHATUTAKO ELKARRIZKETAK= 1.766.
BEHATUTAKO SOLASKIDEAK= 5.067.
USURBILGO BIZTANLERIA=6.062.
UDALERRIKO ERABILERA DATUA
Aipatu moduan, Soziolinguistika Klusterrak behatutakoen ia %62 euskaraz mintzatzen ari zen, ikerketa unean. Gazteleraz askoz gutxiago:
%61,9 euskaraz (3.139)
%37,7 gaztelaniaz. (1.911)
%0,3 beste hizkuntzetan. (17)
UDALERRIKO ERABILERAREN EBOLUZIOA
Udalerri mailan, azken hamarkadan zortzi puntu gora egin du euskararen erabilerak:
2001:%54,4
2006:%57
2011:%61,9