Urriko kultur agendan urriaren 17rako iragarria zegoen arren, azken orduko aldaketak tarteko, egun bete aurreratu du NOAUA! Kultur Elkarteak, “Euri lehorra” dokumentalaren proiekzioa. Honenbestez, hilaren 16an asteartean eskainiko da, aurreikusia zegoen ordu eta lekuan; 19:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Proiekziorako sarrera doakoa izango da. Dokumentala, bere zuzendari Gorka Espiauk aurkeztuko du ekitaldi hasieran.
Bake prozesuak hizpide
Hegoafrika eta Irlanda Iparraldeko bake prozesuetan hainbat bitarterik eginiko lana jasotzen du “Euri lehorra” dokumentalak. Besteak beste, John Hume, William de Klerk, Alec Reid, Brian Currin, Jonathan Powell, Mohammed Baba, Juan Jose Ibarretxe, Rufi Etxeberria eta Paul Riosen hitzak jaso dituzte. TV3 telebista kate kataluniarrak eta Baleukok ekoitzitako lan honetan, Euskal Herriari buruz duten ikuspegia ere emango dute aipatu pertsona hauek. NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko proiekzioa, Aieteko Konferentziaren lehen urteurrenean eskainiko da.