Inergetika enpresak Oiardo Kiroldegirako prestatu duen auditoretza energetikoa aurkeztu zuten joan den urriaren 1ean. Egungo instalakuntzen egoera baloratzetik abiatuta, ekonomia eta energia alorretan aipatu guneak eragiten dituen gastuak aurrezteko, epe motz, ertain eta luzera begira gauzatu daitekeen proposamen sorta mahai gaineratu zuten. Bilerara, Kirol Patronatuko eta gobernu taldeko zenbait ordezkari bertaratu ziren.
Proposamenetako bat bi igerilekuetarako egin dute; itxita dauden denbora tartean, manta termiko batekin estaltzea proposatzen du Inergetika enpresak. Hartara, ura lurruntzea saihestu, eta ur tenperatura mantenduko litzateke, eta ondorioz, auditoretza egin dutenek ohartarazten dutenez, “galera termikoak gutxitzen dira”. Bigarren proposamena; igerilekuko giro kondizioak kudeatzeko deshumifikadore berri bat jartzea.
Gune bereko argiztapena aldatzea ere egoki ikusten dute auditoretza burutu dutenek. Kontsumoa murrizteko kanpotik instalakuntzetara sartzen den argia baliatu eta horren arabera, barruko argiteria erregulatzea aholkatzen dute. Baita tatamian, gimnasioan eta eskubaloi partidak jokatzen diren aretoan ere.
Argiteria automatikoa
Hau ez da, alor honetarako Inergetika enpresakoek Kirol Patronatuari planteatu dion erronka bakarra. Noizbehinka erabiltzen diren Kiroldegiko guneetan, argiak beren kasa piztu eta itzaltzeko automatizatzea proposatzen dute. Horretarako mugimendu detektagailu jartzea aholkatzen dute, Oiardoko aldagela edota komunetan.
Honez gain, “T8 ohizko erregeleta fluoreszenteak T5 luminaria fluoreszente elektronikoengatik aldatzea proposatzen da kiroldegiko solairu ezberdinetan”. Baita igerilekuan ere, zarata, distira eta keinadarik gabe funtziona dezaten. Proposamenokin, besteak beste, lanparen bizitza luzatu eta argiztatze denbora murriztuko litzateke, energetikoki eta ekonomikoki aurreztuz noski. Baina ez hori bakarrik. Instalakuntza elektrikoaren energia erreaktiboaren kontsumoa kontrolatzeko, kondentsadore bateria bat jartzea aholkatzen dute Inergetikakoek.
Aireztapena erregulatzea
Argi instalakuntzaz gain, aireztapen sistema berritzea, hortxe beste proposamena. Berritu ez den kiroldegiko zatian kokatuak dauden “aldagelen airea berotzeko ordulariz kontrolatutako erresistentzia elektrikoen bitartez egiten da. Sistema honi erregulazio sistema ezartzea proposatzen da, kontsigna tenperatura bat ezarriz. Horrela behar ez denean erresistentziak itzaliz”. Bestalde, kontrolatzaile ezberdinak bateratzen dituen erregulazio sistema berria jartzea ere proposatzen du Inergetikak, “horrela, bero produkzioa, aldagelen klimatizazioa, igerilekuaren ura eta giroa, UBS eta eguzki indar sistema kontrolatuko dira”.
Eta planteamendu sorta hau borobiltzeko, INERDATU izeneko kudeatzaile energetikoa jartzeko gonbita luzatzen dute Inergetikatik. Horrekin, kontsumoa murrizteko aukerak identifikatuko dira, kontrolak ezarri, mantentze lanak erregistratu edota adierazleak jartzea ahalbidetzen du. Baita “berotegi-efektu gasen igorketa” murriztu ere. Gai tekniko eta sozialak jasoko lituzkeen hiru hileroko eta urteroko txostenak egiteko aukera emango luke horrek.