Urriko lehen ostiralean, irailean egin bezala, herritar talde bat Atxegalden bildu zen, Itaya Gazte Asanbladak kutsaduraren aurka deituriko elkarretaratzean. Ordu erdi iraun zuen mobilizazioak, "Ucinek gure osasunarekin jolasten du" lemapean.
Amaieran, komunikatu bat irakurri zuten deitzaileek. Hemen testua, bere osotasunean:
"Duela hilabete ekin genion ITAYA gazte asanbladakook usurbildarrak aspaldi hontan izan dugun arazo larri honi publikoki salatzera. Handik hona, UCIN enpresako sindikatuekin harremanetan jartzen saiatu gara. Aditzera eman digutenez, sindikatuak indar oso gutxi du enpresan baina oraindik ez gara beraiekin elkartu. Udalarekin ere harremanetan jarri gara kontzentrazioetara udal ordezkariren bat azaltzeko gonbita luzatuz. Ez dute bertaratu nahi izan UCIN enpresarekin komunikazioa berreskuratu nahian dabiltzalako, hemen egoteak elkarrizketak eten ditzakeen beldur direlako. Eskaera honen harira antolatu du gaur Udalak “Aire kalitateari buruzko bilera” Potxoenean.
Hasi ginenetik hilabete pasa da, hilabetean gauzak ez dira aldatu noski, baina abiapuntua ezarririk indarrak metatzen jarraitzea besterik ez zaigu geratzen. Denborak argi utziko du herritar asko sentitzen direla kaltetuak, baita suminduta ere. Eta pozoia aireratzeko orain arte eduki duten lasaitasunak amaiera izango du!!! Ez baitiegu utziko horrela jarrai dezaten!!!
GORA USURBIL OSASUNTSUA!!!
BELAR TXARRAK ERROTIK!!!"