Aire kalitateari loturiko arazoa, gertutik jarraitzeko asmoa du Udalak

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 9a, 00:00

Atxegalde eta Kaxko inguruetako hainbat herritarren artean, kezka eta haserrea eragiten jarraitzen duen ke eta usain txarraren arazoari lotuta, egoera zertan den azaltzeko bilera deitu zuen Usurbilgo Udalak, joan den ostiralean Potxoenean. Bertara gerturatu ziren herritarrei azalpenak ematen aritu zen Pepe Rivadeneyra ingurumen alorreko zinegotzia. Gai berdina hizpide zuela, ekainaren 28an Atxegalden burutu zen bilkuratik orain arte izan diren nobedadeen berri eman zuen. Nobedadeen artean, asteburu honetan zenbait hobekuntza lan egitekoa dela Ucin. Udala eta aipatu hartu emanetan direla, eta bestalde, etzi, Usurbilgo Udala Eusko Jaurlaritzarekin Gasteizen biltzekoa dela aipatu zuen. Enpresetako ikuskaritzetan paper aktiboagoa izatea lortu nahi du Udalak.

Udalak hain zuzen, aire kalitateari loturik dagoen arazoa konpontzea euren lehentasuna dela adierazi zuen Rivadeneyrak Potxoeneako bileran. Gai honen gertuko jarraipena egiteko asmoa dute. Egunotan, eta asteotan egon daitezkeen albisteen harira, aurrerago herritarrei behar beste informazio eskaintzeko bilera berri bat deitzeko asmoa du Udalak. Bitartean, uda honetan zehar bezala, kea edota usain txarra dagoela sumatzen duten herritarrei, Udaleko Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri eta kexuak aurkeztera deitzen zaie. 

Gai honen inguruko zehaztasun gehiago, kaleratzear den astekari honetan bertan.