Zubietako makrokartzel egitasmoa momentuz behintzat, ez aurrera ez atzera geratu da, Espainiako Gobernuak ez baitu halako eraikuntza berririk bultzatzeko asmorik, Espetxeetako zuzendari Anjel Yustek adierazi eta BERRIAk jaso duenez. Yustek 2013ko aurrekontua aurkeztu zuen atzo, eta obra esleitzeko lehiaketa amaitu gabe duten proiektuak ez dituztela egingo azaldu zuen. Zubietako espetxearen kasua litzateke. Espetxe berririk ez eraikitzetik aurrezturiko dirua, kartzela zaharrak egokitzera bideratu asmo dute. Guztira, 1.142 milioi euro. Alor honetako aurrekontua %4,5 txikitu dute iaztik hona.
Gogoratu bestalde, alor guztietan aplikatzen ari diren murrizketen harira, Zubietako kartzela berria eraikitzeko lanak geldiaraztea erabaki zuen Espainiako Gobernuak joan den martxoan. Zubietako kartzelako lanak gerarazteko erabakiak beste zenbait egitasmotan eragiten ari da, Donostian bereziki. Martuteneko espetxea botatzeko asmoa baitago eta eremu berean, hainbat etxebizitza eraikitzekoa.
Manifestua
Gobernu espainiarraren erabakia ezagutzera eman eta gutxira, hainbat gizarte eragilek Zubietako makrokartzelaren aurkako manifestua kaleratu zuten. Arrats, Salhaketa, Loiola Etxea, AHT Gelditu!, Errausketaren Aurkako Plataformen Gipuzkoako Koordinadora, Ezker Abertzalea, Aralar, Alternatiba, Ezkerretik Bilduz, Antikapitalistak, Ekologistak Martxan, Pasaiako Superportuaren Aurkako Taldea edota ESK zein CNT sindikatuek, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, "bestelako lehentasunen alde egin dezatela" eskatzen zieten, "Gipuzkoan eta EAEn behar diren zigorra betetzeko plazak kontuan hartuta, zigor askatasun gabetzaileei legediak ematen dien ustezko funtzioa, birgizarteratzea hain zuzen ere, bete dadin".
2006ko otsailean Eusko Legebiltzarrak onarturiko ebazpena ere betetzea eskatzen zuten; ebazpen hartan, Zubietako makrokartzela eraikitzearen aurka agertu baitzen Gasteizko parlamentua. Honako zazpi puntuotan laburbiltzen zuten, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, aipaturiko eragileok zergatik dauden Zubietako makrokartzelaren aurka:
1- 1991n presondegien eraikuntza eta amortizazio planaren bitartez abiatzen den makro-kartzelen eraikitzea, zigorraren inguruko negozioarekin du harremana. Ez legearen arabera zigorrari ematen zaion ustezko helburu birgizarteratzailearekin.
2- Zubietako egitasmoa justifikatuko lukeen beharren inguruko ikerketarik ez dago, ez Euskal Herri mailakorik ez eta Gipuzkoa mailakorik ere ez. Mediatikoki, Martuteneko espetxearen gabezi larriak erabili dira aitzakia bezala kartzela berria eraiki beharra argudiatzeko. Baina oinarrian dagoena ez da preso dauden pertsonen bizi baldintzekiko ardura, baizik eta hirigintzari loturiko bestelako interesak.
3- Publikoki eman diren datuen arabera, Zubietako kartzelak 15 hektareatako eremu bat beteko luke, partekatzeko 504 ziegekin, beste 120 osagarrirekin. Legearekin bateraezina den proposamena, eta praktikan 1200 pertsonentzako edukiera ahalbidetzen duen makro-kartzela eredua. Egitasmo hau ez dago zigor askatasun gabetzailea bete beharrean aurkitzen diren gipuzkoarren edo Gipuzkoan bizileku administratiboa duten pertsona kopuruaren arabera pentsatua. Zigorra beteko luketenen gehiengoa ez litzateke herrialdekoa. Bizilekua Gipuzkoan duten presoak 600 inguru dira, eta gehienak hain zuzen ere kondena Gipuzkoatik kanpo betetzen dute.
4- Egitasmo erraldoi hau abian jartzeko orduan, beste behin ere, Zubietako herritarren iritzia ez da kontutan hartua izan.
5- Makro-kartzela berrien eraikuntzan oinarritzen den Gobernuaren politika honek, ez du bilatzen birgizarteratze ekimenen bitartez askatasun gabezian dauden pertsonen kopurua murriztuko luketen baldintzak sortzea. Aitzitik, gizarte gatazkei erantzuteko modu bakar bezala kartzelaratzea eta zigortzea aurreikusten ditu. Apustu honek azaltzen du preso kopuruaren etengabeko hazkundea.
6- Orain arteko justizia penalaren kudeaketak bere porrota aspaldi erakutsi zuela deritzogu. Delitu bat pairatzen dugunean ez delako gai gu babestu eta kalteak konpontzeko; ustezko delitugile bezala prozesatuak garenean gure oinarrizko eskubideak errespetatzeko ezgauza delako. Birplanteamendu orokor bat behar da.
7- Egun nagusi den delituaren trataera eredua, bazterketa arriskuan dauden gizarte-taldeen eta disidentzia politikoaren kriminalizazio selektiboan oinarritzen da. Estatuaren zein bere kontrol polizial eta penalerako aparatuen interesei baino, herritarron beharrei erantzungo dien delituaren tratamenduaren inguruko eztabaida politiko publiko eta parte-hartzailerik ez dago, eta behar-beharrezkoa da.