Gazte mugimendu berria eratzeko, lehen asanblada ostiralean

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 10a, 00:00

Iraila amaieran frontoian aurkeztu zen Euskal Herri mailako gazte mugimendu berriak, lehen asanbladarako hitzordua finkatu du ostiral honetan, urriaren 12an. Arratsaldeko 16:00etan, Aitzaga Elkartean.

Irailaren 28ko ekitaldian nabarmendu zutenez, “Gazteok, jendarte eredu honek eta Euskal Herriak bizi duen egoeraren aurrean badugu zer esan. Eta zer borrokatu. Gazteok, ez gara inoren zain egongo, gure bidea marraztu behar dugu. Gure errealitatetik eta gure ikuspegitik egoera iraultzeko tresnak eraiki eta martxan jarri beharko ditugu”, adierazi zuten. 

Horretarako prozesu eratzailea abiatu asmo dute, “herriko gazteriaren iritzi eta proposamenetatik abiatu eta herriaren beharrei erantzungo dien tresna osatze aldera”. Parte hartzera deitzen diete gazteei. “Denok gara beharrezkoak, ni, zu eta bera; gu, zuek eta haiek! Hau dela eta, herriko gazte guztiei, independentzia eta sozialismorantz eramango gaituen gazte mugimendu berriaren prozesu-eratzailean parte hartzera animatzen zaituztegu, denon ideiak eta denon indarrak baitira beharrezkoak herri aske bat lortzeko”. Testuinguru honetan burutu dute, etziko lehen asanbladarako deialdia.