Urriaren 24an abiatuko da, hezkuntzako parte hartze prozesua

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 10a, 00:00

Hastear da etorkizuneko hezkuntza eredu bateratua adosteko Usurbilgo Udalak udazken honetarako iragarria zuen parte hartze prozesua. Lehen bilkura, urriaren 24an burutuko da. Udalak herritarren batera jorratu nahi du ekitear den bide hau. Parte hartzera deitzen dute, “hezkuntza guztion ardura baita”.

Urriaren 24an hasi eta otsailaren 6ra arte luzatuko den parte hartze prozesuaren baitan, zazpi bilkura burutuko dira. Bilera guztiak irekiak izango dira, nahi duen orok parte hartu ahal izango du. “0-16 hezkuntza proiektua zehazteko usurbildarrok etorkizunerako nahi dugun hezkuntza-eredu bateratua adostea eta hori gauzatzeko bideak jorratzea izango da” helburu nagusia. Gai honen inguruko diagnosia, irtenbidea aurkitzeko aukeren lanketa eta bertan erabakitakoa gauzatzeko egin beharrekoa izango ditu hizpide nagusi. 

Prozesuak herritarrak izango ditu oinarri. Udaletik aurreratu dutenez, “hezkuntza denon eskubidea izanik, guztion ardura denez, herritarren iritzia ezinbestekoa izango da usurbildarrok nahi dugun hezkuntza eredua adosteko”. Herritarrak parte hartzera animatzen dituzte. Prozesu honen inguruko zehaztasunak jasotzen dituen esku-orri bat prestatu du Udalak. Egun gutxi barru, etxeetan jasoko duzue. Hemen, zenbait zehaztasun:

EGUTEGIA
Bileren ordua: 18:30.
Bilera lekua: Potxoenea.
Bileren iraupena: 2 ordu.

Egunak: urriak 24, azaroak 7, azaroak 21, abenduak 5, abenduak 19, urtarrilak 23 eta otsailak 6.

Bileren egituraketa:

1-Egoeraren diagnostiko partekatua: 2 bilera.

2- Identifikatutako interes edo beharrei irtenbidea aurkitzeko aukera ezberdinen lanketa: 3 bilera.

3-Erabakitakoa martxan jartzeko eman beharreko pausoak zehaztu eta landu: 2 bilera.