Posta bidezko bozka eskatzeko azken aukera gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 11a, 00:00

Urriaren 21ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ospatuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunean bozkatu ezin duten herritarrek, aldez aurretik posta bidez botoa emateko eskabidea aurkez dezakete. Horretarako ostegun hau dute azken eguna. Bozka hauen eskaerak posta bulegoetan egin daitezke. "Eskaera bete eta sinatu ostean, edozein posta-bulegotan aurkeztu behar da. Posta-zerbitzuko funtzionarioek nortasuna egiaztatzeko agiria aurkezteko eskatuko dute. Ez da inola ere horren fotokopiarik onartuko", ohartarazten du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren web orrialdeak.

Eskabidea aurkeztu eta bete beharreko dokumentazioa prestatu ostean, posta bidezko bozka urriaren 17a baino lehen bidali beharko da.