Euskal Jai giroa gaur, Zubietan

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 12a, 00:00

Urteak dira urriaren 12 honetan Euskal Jaia ospatzen dutela Zubietan. Eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Goizeko 11:30etatik aurrera, festa giroa nagusituko da frontoi inguruetan. Zubieta Lantzenek egun osorako egitaraua prestatu du. Edizio honetan gainera, gonbidatu berezi batekin; Anje Duhalderen kantaldiaz gozatzeko aukera izango baita, gaur gaueko 22:00etatik aurrera. Emanaldia ikusteko sarrerak, hasi aurretik 5 eurotan egongo dira salgai, frontoi inguruan.

Egunean zehar ere beste hainbat hitzordu interesgarri izango dira. 11:30etatik aurrera, trikitilariek girotuta, animalien erakusketa eta asto-karrera. Hamaiketako goxoa dastatzeko aukera ere emango dute Zubietan. Eguerdian, bazkaria Araetan, eta arratsaldean kantu-jira. Eguna borobiltzeko, aipatu moduan, Anje Duhalderen emanaldia.

Atzoko pilota jaialdiaren ostean, hauxe, ostiral honetarako Zubietan iragarriak dauden ekitaldien ordutegiak:

Urriak 12, ostirala
11:30 Trikitilariak.
12:00 Animalia erakusketa eta asto-karrera.
Ondoren, hamaiketakoa.
14:00 Bazkaria Araeta jatetxean (txartelak salgai Barazarren, urriaren 8ra arte).
Arratsaldean, kantu-jira.
22:00 Anje Duhalderen kantaldia.

Antolatzailea:
 Zubieta Lantzen.