Soziolinguistika Klusterrak kalean euskara zenbateraino erabiltzen dugun neurtu du, ez bakarrik Usurbilen, baita beste hainbat udalerritan ere. Neurketa hauetatik herrialdekako eta Euskal Herri mailako erabilera ehunekoa atera dute. Usurbilgo datuen azpitik daude, dezente baxuagoak dira portzentai hauek.
Gogoan izan, Usurbilen euskararen kaleko erabilera %61,9koa dela adierazi du Soziolinguiska Klusterrekoen ikerketak. Gipuzkoan aldiz, ia erdira jaisten da erabilera ehunekoa; %32,7koa da. Herrialdeka, askogatik Gipuzkoak eman du datu onena. Bizkaian %9,4koa baita erabilera, Iparraldean %6,2koa, Nafarroan %5,7koa eta Araban %4koa.
Datuokin, Euskal Herri mailako euskararen kaleko erabilera zenbatekoa den ere neurtu dute Soziolinguistika Klusterrekoek; %13,3koa da.
"Datu gazi-gozoak"
Emaitza hauek eskutan, eta aurreko urteetan izandako eboluzioa aintzakotzat hartuta, euskararen erabilerak goia jo duela, trabatua dagoela ondorioztatu dute Soziolinguistika Klusterrekoek. Bilakaera positiboa izan du, 1989. urtetik hona, 2,5 puntu igo baita euskararen erabilera Euskal Herri mailan, baina aipaturikoa, azken neurketaren arabera, erabilera mailak ez du ez aurrera ezta atzera ere egin.
Bi datu baikor nabarmentzen dituzte halere; batetik Iparraldean jaso den ehunekoa. Erabilerak beheranzko joera izan ostean, aurreko neurketatik hona bere horretan mantendu da Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan. Beste datu positibo bat, etorkizunera begira jarrita; zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara Euskal Herrian.