Udarregi Sariketarekin, San Praixkuen itzulera gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 12a, 00:00

Lau eguneko atsedenaldiaren ostean, indar berrituta bueltan datoz gaur, San Praixkuak Aginagara. Ostiral eta larunbat honetan jai giroa nagusituko da bertan, egunez baita, baina gauez bereziki. 

Hasteko, gaur iluntzeko 21:00etatik aurrera Udarregi Sariketaren bigarren finalerdia, gazteen artekoa, ospatuko da Eliza zaharrean. Iban Urdangarin, Unai Gaztelumendi, Ander Lizarralde, Amaia Iturriotz, Nekane Zinkunegi eta Miren Artetxe, azaroaren 17an ospatuko den final handirako txartela lortzeko lanetan murgilduko dira. Gogoan izan, seikote honetako hiru bertsolari soilik igaroko dira, bigarren edizio honetako azken saiora. Eta Xabier Zeberio, Iñaki Murua eta Millan Telleria beteranoekin (ondoko irudian) lehiatu beharko dute. Bi finalista epaimahaiak hautatuko ditu, eta hirugarrena berriz, bertaratzen diren ikus-entzuleek. Afari baten bueltan ospatuko da gaurko bertso saioa. Sarrerak 15 eurotan salgai dira, Txiribogan, Txirristran eta Aginagako Arrate Elkarteko tabernan.

Bertso-afariaren ostean, Fan&Go taldekoekin gerri buelta mugitzeko aukera izango da. 

Herri antzerkia eta dj gaua
San Praixkuetako azken eguna izango da biharkoa. Arratsalderako mus txapelketa eta Gorritiren showa iragarri dituzte, eta ondoren, aginagarrak aktore lanetan ikusiko ditugu. 20:00etatik aurrera, herri antzerkia ludotekan.

Afalosterako, eta aurtengo jaiak borobiltzeko dj gaua; Abiba lehenik frontoian, eta herritar bat gero, DJ Larra Eliza Zaharrean.

Hemen, bigarren asteburu honetarako egitaraua:

Urriak 12, ostirala
21:00 Bertso afaria Eliza zaharrean: II. Udarregi Sariketa ( Finalerdia Bota Punttubaren laguntzarekin): Iban Urdangarin, Unai Gaztelumendi, Ander Lizarralde, Amaia Iturriotz, Nekane Zinkunegi, Miren Artetxe.
Ondoren, Fan&Go-rekin dantzaldi ederra. Denok dantzaraaaaa!!!

Urriak 13, larunbata
16:00 XXXII. Mus Txapelketa Herrikoia (izen ematea 15:30tan).
18:00 Gorriti show.
20:00 Herri antzerkia herriko ludotekan. Barre egin nahi badezute...
00:00 ABIBA DJ.
Jarraian, DJ Larra Eliza zaharrean eguna, argitu arte.


Gozatu aurtengo San Praixkuetaz, eta azaldu urriak 14 igandea 17:00etan dena lehen bezala txukun uzten laguntzera!!