Oraingoan bai, estropaden, eta ekitaldiz beteriko bi astebururen ostean, amaitu dira Aginagako San Praixkuak. Azken asteburuan, jendea ibili da, larunbat iluntze eta gau partean bereziki, Abiba eta Dj Larrarekin. Aurretik musean lehiatzeko aukera egon zen larunbatean, Gorritiren showa ikusi edota baita aginagarrak aktore lanean jarri zituen antzerki emanaldira gerturatzekoa ere.
Bezperan, Udarregi Sariketaren bigarren finalerdia ospatu zen. Sei gazte aritu ziren finalean sailkatzeko saiakeran; Iban Urdangarin, Unai Gaztelumendi, Ander Lizarralde, Amaia Iturriotz, Nekane Zinkunegi eta Miren Artetxe. Baina aurreikusi bezala, hiruk bakarrik zuten azken fasera igarotzeko aukera. Bertso afari baten bueltan ospatu zen txapelketa honela geratu da; azaroaren 17an ospatuko den final handian, Millan Telleria, Xabier Zeberio eta Iñaki Muruarekin batera, Iban Urdangarin, Ander Lizarralde eta Unai Gaztelumendi egongo dira. Lizarralde eta Gaztelumendi epaimahaiak hautatu zituen. Ekitaldira bertaratu ziren ikus-entzuleek aldiz, Iban Urdangarin.
Bertso afari honekin eta asteburuan zehar ospatu diren ekitaldiekin, akabo aurtengo San Praixkuak. Datorren urtera arte.