Urriaren 19ko astekarian, Kalejiran atalaren barruan, Aginagako kronista Maria Angeles Arrutik amaitu berri diren San Praixkuei buruz idatzi du. Antolatzaile eta parte hartzaile guztiei eskerrak helaraztearekin batera, ospatu diren hainbat ekitaldiren inguruko errepasoa egiten du, lerrootan:
"Jende ugari etorri zen urriaren 4ko meza nagusira eta gero aukera izan zen emakumeek egindako eskulan bikainak ikusteko. Benetan, aipatzekoa da laurogei urtetik gorako emakumeak eginak direla artelan hauek, denak ederrak.
Arratsaldean pilota partida ederrak izan ziren, baina bereziki ezinduenak egindakoak, euren esfortzua bikoitza baita. Hala ere askotan ez gara asko konturatzen etxetik kanpo dauzkagunean.
Haurrak eta gazteak oso ondo pasa omen zuten beraientzat antolatutako jokoetan eta Gorritiren showarekin. Oilasko biltzaileek eman didate poz handia, lau beterano eta 12-14 lagun berri (belaunaldi berria) etorri ziren gure alderdira. Badugu bai usadioa lehengo ohitura zaharrekin aurrera egiteko.
Urriaren 7an, herri kirolak Agiña eta Lasarteko taldeen artean. Denek ondo jokatu zuten baina aipatzekoa Manolo, Gorosti baserrikoak, kizkiarekin sagar biltzen egindako lana. Berari esker gainditu zuten, Lasarteko taldeak zeraman abantaila.
Aurten esan behar, emakumezkoen pala txapelketa Dolo Errasti eta alaba Aitziber aginagarrek irabazi zutela eta gizonezkoena Xabier Errasti aginagarrak eta Jon Olaizola usurbildarrak. Mus txapelketako irabazleak: Guillermo Tapia aginagarra eta Anjel Matxain usurbildarra. Bigarren, Patxi Maioz eta Joxe Miel Begiristain aginagarrak. Toka txapelketako irabazlea, Aitziber Aranguren.
Azkenik, antolatzaile eta parte hartu duten guztiei mila esker. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi Iñaki Ugarte, elizako eskailerak eta inguruko belarrak berak kendu baititu. Eskerrik asko guztiagatik!".