Nafarroa Iparraldeko sei udalerritan ere, hondakinak atez ate biltzen hastekoak dira. Lesakan, Beran, Iruritan, Elizondon, Sunbillan eta Donezteben hain zuzen. Zati organikoa eta errefusa jasoko dituzte atez ate. Gainerakoa, orain arteko edukiontzi sistemaren bidez, BERRIAk jakinarazi duenez.
Zubietan, azaroaren 1etik aurrera iragarria
Atez ateko bilketa martxan jartzeko asmoa erakutsi duten udalerrien zerrenda handitzen doa beraz. Aipatu sistema abian dago Usurbilen, baita Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan ere. Azaroaren 1etik aurrera, Zubietan ere martxan jartzekoak direla iragarri zuen udan. Zubietako familien gehiengoaren babesa dute gainera. Uda aurretik egin zuten galdeketa batean jaso zutenez, "bertako familien artean hondakinak atez ate biltzeko eskaerak jaso berri ditugu. Agerturiko datuak aztertuta, Zubietako familien %67,5ek gaikako bilketa erabatekoa izan dadin babestu du, bereziki atez ateko bilketa bezala ezagutzen den sistema".
Emaitzak eskutan, zubietarrak hondakinak atez ate biltzera deitzen dituzte. Sistema berria jartzeko pausoak emanak dituztela ere berri eman dute Herri Batzarretik. "Hondakinak atez ate biltzeko eta kudeatzeko proiektua landuta daukagu, eta bi udalerrietan aurkeztuta ere. Proiektu honen barruan, ontzi arinak, papera eta kartoia eta errefusa atez ate bilduko dira, eta organikoa autokonpostaje eta konpostaje komunitarioaren bitartez Zubietako ongarri izango da", adierazi zuten.
Erabakia hartua dute Zubietako Herri Batzarrean, eta iragarri dutenez, "proposamen hau aintzat hartuko ez balitz, Herri Batzarrak, Zubietako herritarren ordezkari legal eta demokratikoa denez, aipatu bilketa sistema martxan jarriko du azaroaren 1etik aurrera".
Zubietaz gain, 2013an zehar, Gipuzkoako beste udalerriotan ere atez ateko bilketa martxan jarriko dutela iragarri zuten urte hasieran. Lekuotan hain zuzen: