57 lursail herritarrentzat, baratzak lantzeko

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 18a, 00:00

Gipuzkoako 16 udalerriekin Baratze Parke Sarea osatu asmo du Kutxa Ekoguneak. “Elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen” aldeko egitasmo berri honi esker, “norberaren barazkiak era ekologikoan egiteko aukera eskainiko du. Aisialdi aktiborako topaguneak izango dira, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatuko duen gune berdea. Bertan belaunaldi ezberdinen arteko trukea emateko aukera izango da, txiki zein helduen artean, naturarekiko errespetua sustatuz”.

Lursailen zozketa, abenduan
Sare horretan integratzen lehenak, Usurbil eta Lezo izan dira. Lezon 64 lursail egokituko dira, Usurbilen 57. Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, “egokitzapen lanak hasi berri dira eta aurki herritarrek euren lursail propioak lantzeko aukera izango dute”. Lur sail bakoitzeko erabiltzaileek komuna eta lanabesen biltegia bere barne hartuko dituen etxetxo bana izango dute. Lanak hasi dira bai, eta Kutxa Ekogunetik berri eman dutenez, “abendurako eremu osoa egokituko da. Azaroaren lehenengo astean araudi orokorra onartu eta izena ematearen epea irekiko du Udalak. Abenduan Usurbilgo Baratze Parkea zabalduko da erabiltzaileei. Eskainiko dituen zerbitzuen artean etxetxoa, biltegi eta aldagelarekin, konpostaguneak, ikastaroak izango dira. Konpostatze komunitarioetako konposta lantzeko eremuaren aukera ere izango dute herritar guztiek”. Lursailak zozketa bidez esleituko dira abenduan. Langabetu, jubilatu, pentsiodun, gazte eta konpostatze komunitarioen arduradunek izango dute lehentasuna.

Informazio gehiago: ekogunea.net. Bertan baratza hauetako erabiltzaileentzat foro bat irekiko da, elkar ezagutu, informazioa trukatu edota kontsultetarako. Interesdunek web orri berean izena eman ahalko dute.