Datorren urteari begira dago jada gobernu taldea. Asteartean burutu zen ezohiko osoko bilkuran, Bilduk 2013ko Ordenantza Fiskalak aurkeztu zituen. Banan bana bozkatu zituzten, baina guztiak hasieraz eta gehiengo osoz onartu ziren, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin. Hamaikabat eta EAJ-PNV abstenitu ziren. PSE-EE-ko udal ordezkaria ez zen osoko bilkuran egon.
Alaitz Aizpurua zinegotziak eman zituen datorren urterako Ordenantza Fiskalen inguruko zenbait zehaztasun. Aipatu zuenez, oro har, KPI igoera (%2,3) aplikatuko da tasa gehienetan. Baina badira berrikuntzak ere, tasa batzuk mantendu dira eta gobernu taldeak, berri batzuk ere txertatu ditu oraingoan.
Oro har, udalbatzak honako igoerak onartu ditu hasieraz. Zehaztasun batzuk aipatzearren:
1-Ondasun higiezinak: %2,3 (KPI).
2-Udal zergak: zergaren tipoak KPI indizearen arabera eguneratzea.
3-Trakzio mekanikoko ibilgailuak: %95eko hobaria 100 miliako mugan fabrikatutako ibilgailuei.
4-Eraikuntza, instalazio eta obrak: lur higadura, lur erauzketak, lauketak, indusketak eta bete lanentzako tarifa ezartzen da, %5a.
5-Hirilurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga: 2010ean tasa %10ekoa zen, aurten %12koa.
6-Ur-hornidura zerbitzuan, tarifa finkoan eta ur sarea lotzean: %2,3 (KPI igoera). Tarifa aldakorrean (kontsumoan), %5eko igoera.
7-Hondakinen bilketa eta kudeaketa zerbitzua: %2,3 (KPI igoera).
8-Zerbitzu publikoak: jardueren araudian, aldez aurretik baimena behar dutenak eta ez dutenak desberdinduko dira.
9-Udal jabetza erabiltzeagatiko tasak: hesiak, andamioa, zutabe.. ezartzeagatiko tasetan txabolak gehitu dira. Bakoitzeko eta eguneko jarri dute tasa.
10-Zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoen igoerak:
-Buruntzaldeko Kirol Patronatuek adosturik, zenbait zerbitzutan: %6,51ko igoera.
-Ikastaroetan: %17koa.
-Zerbitzuetan (squash eta sauna izan ezik): %2,3koa.
11-Eguneko Zentroa: erabiltzaile autonomoentzat, zerbitzuaren prezioan igoerarik ez.
12-Udal lorazaintza zerbitzua ezartzen da:
-Lorezaintza gunea: mozketa bakoitzeko, 20 zentimo metro karratuko.
-Lorezaintza setoa: 2 euro metro linealeko.
13-Edalontzi berrerabilgarrien zerbitzua ezartzen da, herriko irabazi asmorik gabeko taldeentzat. Bueltatzen ez den edalontzi bakoitzagatik ordaindu beharko dena, beti ere %5eko galera kontuan izanda:
330 ml edalontzia: 0,33/Unitatea.
500 ml edalontzia: 0,39/Unitatea.
1000 ml edalontzia: 0,62/Unitatea.
14-Sutegi, Artzabal eta Potxoenea aretoen erabilera: tarifak ordaindu beharrik ez, Usurbilgo irabazi asmorik gabeko talde, entitateek ezta interes publikokoak diren ekitaldiak antolatzen dituzten usurbildar norbanakoek ere.
15-Udal baratzen erabilera:
30 metro karratuko baratza: 42,3 euro/urtea
60 metro karratuko baratza: 84,6 euro/urtea.
16-Udal etxebizitzen erabilpena, zerbitzu eta jardueren prezio publikoen ordenantzan ezartzen da.