Parte hartzeak gora egin du Gipuzkoan

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 21a, 00:00

18 urtetik gorako 1.775.336 herritar bozkatzera deituak daude gaur, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iluntzeko 20:00etatik aurrera, hautes lekuak itxi eta bozken zenbaketak aurrera egin ahala jakingo da, hiru lurraldeotako biztanleek zer bozkatu duten.

Momentuz, hautes lekuetan zer mugimendu dabilen eman da ezagutzera, parte hartzea zenbatekoa izaten ari den alegia. Eguerdiko 12:00etan plazaratu dituzten lehen datuen arabera, 2009ko Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeekin alderatuta, parte hartzeak 2,4 puntu egin du behera. Igande honetan, eguerdirako herritarren %14,8 bozkatzera joana zen. 2009an %17,2koa zen parte hartzea ordu berean.

Herrialdeka, Gipuzkoan erregistratu da parte hartze altuena, %16,4, duela hiru urteko hauteskundeekin alderatuta ordea, %2,8 behera egin du. Bizkaian %13,9 eta Araban %14,2ko parte hartzea erregistratu dute, 2009an baino %2,6 eta %0,7 gutxiago hurrenez hurren. Arratsaldeko 17:00etako datuek ordea, egoera aldatu dute. Parte hartzea, %47,2koa zen jada Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehen bi lurraldeek duela hiru urteko parte hartze datuen azpitik jarraitzen zuten arren, Gipuzkoan jada, 2009an baino parte hartze altuagoa erregistratu da; 2009an, %46,04koa zen, %46,97koa gaur.

Arratsaldean zehar, parte hartzeari loturiko datu berriak eskaintzekoak dira. 20:00etan, hautes lekuak ixten diren unean hasiko da bozken zenbaketa. Une horretan ezagutuko dira hainbat hedabideek enkargatu dituzten sondeoak.