Aurreko deialdietako joera hautsiz, abstentzioa beherantz Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 22a, 00:00

Hainbeste zenbaki, portzentai eta emaitzen artean, bada atzoko hauteskunde egunak utzi digun nabarmentzeko moduko beste datu bat ere; parte hartzearena. Usurbilen bozka eman zezaketenak, errolda kontuan izanda, 4.669 ziren. Horietatik 3.153 joan ziren bozka ematera. Beste modu batera esanda, 1.516 herritar abstenitu ziren atzokoan, bozka eskubidea zuten usurbildarren %32,47a. 

Aurreko Eusko Legebiltzarreko hauteskunde deialdietako datuak gogora ekarriz, atzokoan beherantz egin zuen abstentzioak Usurbilen. Datu berri honek 2005 eta 2009ko goranzko joera hautsi du. 2005ean 1.376 herritar abstenitu ziren, lau urte beranduago 1.748. Atzo, 1.516.

2001eko Eusko Legebiltzarreko abstentzio datua, 2009koarekin alderatzen badugu gainera, bada tarterik; duela hamaika urte, 877 herritar abstenitu ziren. 2009an, 1.748 zortzi urte lehenagoko datua bikoiztuz.

Gipuzkoan eta EAEn baino parte hartze handiagoa
Usurbilgo parte hartze mailak, Gipuzkoa eta EAE-koa gainditu du. Usurbilen abstentzioa %32,47koa izan den artean, Gipuzkoan %34,59koa izan da. EAE osoan, %34,17koa.