Datorren Kulturaldiak, NOAUA!ren 16. urteurrena eta 500. zenbakia omenduko ditu

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 23a, 00:00

Ate joka dugu NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Kulturaldia. Azaroa heltzearekin batera ospatuko da aurten ere. Antzerki emanaldi, proiekzio eta ikuskizunak tartekatuko dira, jada prest dagoen egitarauaren baitan. Edizio honek ordea, izango du berezitasunik; joan den irailaren 7an argitaratu zen NOAUA!ren 500. zenbakiaren harira, eta bete dituen 16 urteen ibilbidea oroitzeko erakusketa berezi bat prestatu dugu. 

Denboran atzera egin eta 16 urteotan Usurbilen izandako gertaera, albiste eta protagonista nagusien errepasoa egiteko aukera izango duzue, Sutegiko aretora gerturatzen bazarete. Panel desberdinetan, urtez urte, aldizkaria argitaratzen hasi zirenetik, 1996tik 2011 amaitu arte udalerri honetan albiste izan zena, testu eta irudi bidez, oroimena freskatu ahal izango da. Azaroaren 3tik 11ra zabalik izango da erakusketa, Sutegin.

Hona hemen, aurrerapen moduan, aurtengo Kulturaldiko gainerako osagaiak:

Azaroak 3, larunbata: "Publikoari gorroto" antzezlana
Usurbilen ospatuko den III. Antzerkizale Egunaren baitan eskainiko da antzezlan hau. "Aktore bat, bi ikusle eta agertoki bat. Besterik ez du behar antzerkiak: hortik aurrera hasten den jokoan, dena da posible".

Azaroak 10, larunbata: Alurr dantza taldea
"Izanak dirau 1512" izeneko ikuskizun berria eskainiko dute Ibarrako Alurr dantza taldekoek. Geure historiaren zati bat dantzaren bidez biziko dute eurek, eta biziaraziko diete ekitaldira gerturatzen direnei.

Azaroak 11, igandea: "Gazta zati bat"
Jon Maiaren dokumentala ikusteko aukera izango da Kulturaldi honetan. 

Azaroak 30, ostirala: "Leterekin kantu berbetan"
NOAUA!k Kantu Taldekoekin batera antolaturiko Jon Sarasuaren kantaldi mintzatua edo hitzaldi kantatua, Xabier Leteren ingurukoa azaroko azken ostiralean. 

Egunotan, Kulturaldiaren inguruko zehaztasun gehiagoren berri ematen joango gara.