Usurbildarren artean udalerri honetarako etorkizuneko hezkuntza eredu bateratua adostea da, asteazken honetan abiatuko den parte hartze prozesuaren helburu nagusia. Udalak datozen hileotarako antolaturiko bilera sortan lehena, gaur arratsaldeko 18:30etatik aurrera burutuko da Potxoenean. Saio guztiak herritar ororentzat irekiak izango dira. Parte hartzeko gonbita luzatzen dute Udaletik, herritar eta eragileekin jorratu nahi baitu prozesu osoa.
Urriaren 19ko astekarian Mertxe Aizpurua alkateari eta Enara Arbizu hezkuntza alorreko zinegotziari eginiko elkarrizketa jaso dugu lerrootan. Euren adierazpenetan, gaur hasiko den parte hartze prozesu berri honen nondik norakoen berri ematen dute:
Zein da parte hartze prozesu honen jatorria?
Enara Arbizu. Dakizuen bezala, Usurbilen hezkuntza sarea eskola txikiekin, Udarregi Ikastolarekin eta Haur Eskolarekin osatua dago. Udarregi Ikastola herritik sortutako eskola bat da, 1998tik bakarra. Ordura arte publikoa zegoen ere, eta orduan desagertu zen. Udarregi Ikastolak lan handia egin du beti, herriko haur eta gazteen hezkuntzan. Baina duela pare bat, hiru bat urte, nabaritu zen herrian mugimendu txiki bat, kezka batekin. Bazen guraso talde bat, herrirako hezkuntza publiko hori aldarrikatzen zuena. Eta beraien eskaera iritsi zen bai udalera, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik nahiko garbi geratu zen dirurik ez zegoela eta ez zutela inolako asmorik, hemen eskola publiko bat jartzeko, ez epe motzera ezta ertainera ere. Hori hala, guk Udaletik pentsatu genuen aukera polita izango litzatekeela herrian kezka hori zabaldurik zegoenez, herriari hitza eman eta herriarentzako nahi dugun hezkuntza eredu horretaz hausnartzea.
Mertxe Aizpurua. Udalak uste du ez dela komeni, ikasleen komunitatea bitan banatzea. Guk hausnarketa bat egin genuen eta pentsatu genuen ez zela egokia, ez dela ona herri honentzat bi hezkuntza eredu izatea. Horren alde jotzea erabaki genuen eta horregatik planteatu genuen era parte hartzaile batean herritarrei galdetu eta nolako hezkuntza eredua ezarri nahi duten, herritarrak erabaki horretan parte hartzea.
Duela urte batzuk, beste alor batean, hondakinen kudeaketari loturikoan, parte hartze prozesu bat burutu zen. Antzekotasunik izango du prozesu hark orain abiatzear denarekin? Edo zerikusirik ez?
M.A. Desberdinak dira. Agian, parte hartze metodoa berdintsua da, baina hondakinen bilketan Udalak eskumen guztiak zituen hartutako erabakiak aurrera eramateko. Eta hemen, nolabait ez dago, Udalak ez du eskumenik. Desberdintasun hori badago.
Prozesu irekia izango da, edonork parte hartu ahal izango du. Baina agian bereziki, hezkuntza alorrari loturiko eragile, herritar, irakasle eta gurasoei zuzendua dago?
E.A. Egia esan, irekia da, edonork parte har dezake. Baina bai, batik bat lanketa bat egiten ari gara jada komunitate horrekin hasieratik. Edozeinek parte har dezake. Bi lerro izango ditu parte hartze prozesuak; batetik talde eragilea egongo da eta bestetik, herritarren parte hartzea. Talde eragile horretako parte izateko aurre lanketa bat egina dago talde batzuekin; Udarregi Ikastolarekin, guraso taldeekin, eskola txikiekin.
Bileren egutegia finkatua dago. Zuen ikuspegitik zer ekarpen egin dezakete herritarrek? Nora iritsi nahi zenukete prozesu honekin?
E.A. Lanketa berezi bat egin nahi dugu. Denok ezagutzen dugu zer eredu ditugun Euskal Herrian. Baina hortik haratago landu nahi dugu, dugunetik gustatzen zaiguna hartu eta irudimena erabiliz, nahi dugun hori ere txertatu eredu berri hori osatzeko.
M.A. Bilatzen duguna da eredu bateratu bat herriarentzat, beti ere, aintzat izanda ez dugula bi sistema jartzea nahi Usurbilen. Horretarako ez genuke horrelako prozesu bat abiatuko, bai baitakigu zein den bidea. Beste herri batzuetan dagoen ereduaren berdina izateko, ez dugu parte hartze prozesu baten beharrik.
Aurre lanketa egin duzue hezkuntzako eragileekin, zer giro sumatu duzue?
M.A. Hezkuntzarekin lotura duen jende horrengan baikortasuna ikusi dugu. Uste dugu esperientzia polita, ona izango dela herriarentzat. Eta horrela jaso dela gainera herrian. Interesa piztu du eta jendea pozik dago, parte hartzeko gogoarekin ikusten du. Giro aparta, oso ona ikusten dugu, eta erronka honi heltzeko gogoz. Azken finean, hezkuntza edozein gizartearen garapena ahalbidetzen duena da, oso garrantzizkoa. Hezkuntza ere bada herriaren bizi iraupena bermatuko duen zerbait.
E.A. Eskubide bat ere bada, eta eskubide bat ere den heinean, denon eginkizuna da parte hartzea, gure herriak dituen beharrei erantzungo dion hezkuntza bat izateko. Herriarentzat izango den eredu bat sortzeko, herritik atera behar duen hausnarketa da. Eredu bakarra izatearen garrantzia, herri kohesio hori lortzeko da. Zatiketa eman beharrean herria bateratua egoteko, denon beharrei erantzungo dion eredu horretan.
Zer esan herritarrei, eragileei abiatzear den prozesu honi begira?
M.A. Animatu parte hartzera. Herritarrez osaturiko bilerak izango dugu. Denok dugu zerbait esateko. Hezkuntza guztiongan eragina duen zerbait da. Hurrengo urteak markatuko dituen zerbait da. Garrantzia duela, animatu jende guztiari parte hartzea eta denek dutela leku bat hemen. Aipamen bat egingo nioke gaur egun bizi dugun egoerari. Oso garrantzitsua da herri ikuspegia ez dugula bakarrik aintzat hartu behar, baizik eta Euskal Herri osokoa. Une honetan Wert ministro espainola hainbat deklarazio eta irizpide ematen ari da, markatzen dutenak nola joango den hemendik aurrerako hezkuntza planteamendua. Madriletik datozen hezkuntza planteamendu guztiak zentralismoa garatzen dutenak dira, uniformizazioa bultzatzen dutenak eta horrek Usurbilen eta Euskal Herri osoan eragin zuzena izango du. Horri aurre egiteko ere horrelako ereduak landu eta martxan jartzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu.
Lehen hitzordua astebete barrurako?
E.A. Lehen bilera urriaren 24an izango da eta bertan espero dugu ahalik eta jende gehien gerturatzea eta denen iritziak jaso eta denon artean adostasunetara iristea.