Usurbilgo gazteei zuzenduriko hainbat deialdi egin dira egunotarako. Lehena, biharko. Iraila amaieran frontoian aurkeztu zen gazte mugimendu berria sortzeko dagoen asmoa. Urriaren 12an, ZUKGUA izena jarri dioten mugimendu berriaaren prozesu eratzaileko lehen asanblada burutu zuten. Bigarren bilkura, biharko, urriak 25erako deitu dute, 16:00etan Aitzaga Elkartean.
Web orri honetara helarazi duten mezuan berri ematen dutenez, "urriaren 12an izan genuen Usurbilen lehen eztabaida-asanblada, eta bertan egun bizitzen dugun egoera orokorraren inguruko hausnarketak elkarbanatu genituen, besteak beste, jolas ezberdinak burutuz eta, umorea eta pentsamendu kritikoa uztartuz. Honi jarraipena emanez, hurrengo asanblada urriaren 25ean burutuko dugu, eta bertan, egungo egoeraren azterketa orokarrarekin jarraituko dugularik, denon proposamen eta hausnarketak jasotzeko asmoz. Horregatik, ZUKGUA honetan zure goxotasuna falta da, zatoz!!! Hurrengo zita beraz, urriaren 25ean Aitzaga Elkartean arratsaldeko 16:00etan. Marrubi eta gereziak ugari, platanoak mordoxka, meloiak eta melokotoiak ere ez dira falta? eta zuk ze zapore duzu? Zure ZUKGUA behar dugu mazedonian!!! ZUKGUtu zaitez!!! GAZTE ZUKGUA!!! Norbanakotik kolektibora!!! (http://gaztezukgua.info/)".
Auzolan Eguna Gaztetxean
Bestalde, urriaren 12an egin bezala, jai arrotz gisa definitzen duten urriaren 25 honetarako ere Auzolan Eguna deitu dute Usurbilgo Gaztetxean. Goizeko 9:00etarako finkatu dute lanean hasteko ordua. Goiz erdian, hamaiketakoa dastatzeko aukera izango da, eta eguna amaitzeko, 19:00etarako asanblada deitu dute. "Urriaren 25ean auzolan eguna izango da Usurbilgo Gaztetxean. Gernikako Estatutu eguna dugu egunotan, jai ofizial gisa ospatzen den arren jai egun arrotza da guretzako. 1979an aitortutako estatutu honek eratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoa. Garai hartako nazio aldarrikapena zein indartzen ari zen mugimendu abertzaleak baretu asmoz, Euskal Herria autonomi ezberdinetan banatu eta nazio eskubideei muzin eginez, duela 32 urteko urriaren 25 batez Gernikako Estatutua onartu zen . Ordutik, etengabekoak izan dira gurean nazio gisa dagozkigun eskubideen urraketak", ohartarazi dute biharko ekimeneko antolatzaileek, web orri honetara bidali duten mezuan.
"Fracking"ari buruzko hitzaldia
Iganderako, urriaren 28rako, beste hitzordu bat ere antolatu dute Usurbilgo Gaztetxean. Fracking-a edo “hausketa hidraulikoa” delakoaren gaia jorratuko da bertan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Horretarako, gaztetxekoek Frackin Ez Araba kolektiboko partaideak gonbidatu dituzte eta hitzaldia eskainiko dute. “Euskal Herrian gas naturala ustiatzeko metodo berri bat erabiltzen hasteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, fracking-a. Araban hilaren 6an irten ziren kalera teknika hau guztiz gaitzetsiz, usurbildarrak ere ondorio latzak jasango ditugula jabetu behar dugu Euskal Herrian fracking-a abian jartzen bada”, ohartarazi dute gaztetxekoek, NOAUA-ko web orrira igorri duen mezuan. Gai horri buruz jardungo dute hitzaldian. Aurretik, “Fracking Hell” dokumental laburra proiektatuko dute. “Bertan, Estatu Batuetako fracking kasuak aztertzen dira eta herritarrek dituzten arazoen testigantzak ateratzen dira”; berri eman du antolakuntzak.