NOAUA!ren Kulturaldia ate joka dator

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 26a, 00:00

Azaroa heltzearekin batera ospatuko da, urtero bezala, NOAUA!-k antolaturiko Kulturaldia. Aurtengoa ordea berezia izango da. Irailean aldizkariaren 500. zenbakia kaleratu genuen, eta 16 urteko ibilbidea jorratua du jada, 1996. urtean martxan jarritako egitasmo honek. Aitzakiokin urteotan herri aldizkari honetan protagonista izan diren herritar, elkarte, gertakari eta beste, erakusketa batean jaso ditugu. Azaroaren 2an, 18:30etan inauguratu eta hilaren 11ra arte ikusgai izango da Sutegiko aretoan.


Honez gain, ez da faltako antzezlan, proiekzio edota ikuskizunik. Azaroaren 3an, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak Usurbilen ospatuko duen III. Antzerkizale Egunaren baitan, iluntzeko 20:00etan “Publikoari gorroto” antzezlanaz gozatu ahal izango duzue Sutegin (argazkian antzezlaneko protagonistak)..


Azaroaren 10ean, Alurr dantza taldekoen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da Oiardo Kiroldegian, eta biharamunean, “Gazta zati bat” dokumentala ikustekoa Sutegin.


Amaitzeko, azaroaren 30ean, “Leterekin kantu berbetan” hitzaldi kantaldia eskainiko du Jon Sarasuak, NOAUA!-k Kantu Taldekoekin batera antolatu duen hitzorduan.