NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Kulturaldia, ostiral honetan abiatuko da, aldizkariaren 500. zenbakia eta 16 urteotako ibilbidea omenduko dituen erakusketa berezi baten irekierarekin. 20:00etan inauguratuko da Sutegin. 16 urteotan herri aldizkari honetan protagonista izan diren herritar, elkarte, gertakari eta beste jasoko dira bertan. Erakusketa zabalik izango da, azaroaren 11ra arte. Aipatu moduan, Sutegiko aretoan eta ordutegi honetan:
-Astelehenetik larunbatera: 18:00-20:00.
-Igandetan: 12:00-14:00.
"Publikoari gorroto", larunbatean
Ekitaldi gehiagorako ere emango du datorren Kulturaldiak. Usurbilen larunbat honetan, azaroaren 3an ospatuko den III. Antzerkizale Egunerako jarri dugu lehen hitzordua. "Publikoari gorroto" antzezlana, 20:00etan Sutegin. "Aktore bat, bi ikusle eta agertoki bat. Besterik ez du behar antzerkiak: hortik aurrera hasten den jokoan, dena da posible". Sarrerak aldez aurretik, egunotan eskura daitezke 8 eurotan Txiribogan eta NOAUA!ko egoitzan. NOAUA!-ko bazkideek 6 eurotan erosi ahal izango dituzte, aldez aurretik baita, egoitzara etorrita. Emanaldi egunean ere sarrerak salgai izango dira, 10 eurotan.
Kulturaldiko hurrengo hitzorduak hauek izango dira:
Azaroak 10, larunbata: Alurr dantza taldea
"Izanak dirau 1512" izeneko ikuskizun berria eskainiko dute Ibarrako Alurr dantza taldekoek. Geure historiaren zati bat dantzaren bidez biziko dute eurek, eta biziaraziko diete ekitaldira gerturatzen direnei. Sarrerak salgai alde aurretik eta egunean bertan, 6 eurotan. Bazkideentzat 5 eurotan, aldez aurretik eta NOAUA!ko egoitzan.
Azaroak 11, igandea: "Gazta zati bat"
Jon Maiaren dokumentala ikusteko aukera izango da Kulturaldi honetan.
Azaroak 30, ostirala: "Leterekin kantu berbetan"
NOAUA!k Kantu Taldekoekin batera antolaturiko Jon Sarasuaren kantaldi mintzatua edo hitzaldi kantatua, Xabier Leteren ingurukoa azaroko azken ostiralean.
Egunotan, Kulturaldiaren inguruko zehaztasun gehiagoren berri ematen joango gara.