Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak hitzordu desberdinak antolatu ditu azarorako. Batetik, martxan jarri berri den Parekidetasun Kontseiluaren bigarren bilera burutuko da, hilaren 8an, 19:00etatik aurrera Potxoenean. "Usurbildar guztiak gonbidatuta daude bertara daitezen Parekidetasun Kontseiluan parte hartzera", adierazi dute Udaletik. Lehen bilkura, joan den urriaren 18an burutu zen, "eta bertaratutakoek Udalaren berdintasun politikaren ibilbidea izan zuten hizpide nagusi. Parekidetasun kontseilua sortzeko beharra ere ikusi zuten eta ezinbestekotzat jo zen gizon eta emakumeen partehartzea, aberatsako izate aldera".
Txapa eta autodefentsa tailerrak
Deialdi horrekin batera, bi tailer ere antolatu ditu Udaleko Parekidetasun Sailak; txapa feministen eta autodefentsa feministari loturiko tailer bana hain zuzen. Txapa feministak egiteko tailerra, azaroaren 14rako antolatu dute, 17:00etatik 20:00etara Potxoenean. Medeak-eko kideek gidatuko dute saioa. Historian zehar emakume feministek eginiko aldarrikapenen lemak eta horiek islaturiko irudiak baliatuta, txapa propioak sortzeko aukera egongo da.
Izen ematea irekita
Autodefentsa feminista tailerra bi saiotan banatuko da, azaroaren 17an eta abenduaren 1ean, 10:00-14:00 artean Potxoenean. Zapalkuntzen aurrean emakume bezala har daitekeen jarrera aktibo eta iraultzailea da Autodefentsa Feminista eta horri buruz jardungo dute, Bilgune Feministak zuzenduko dituen bi saioetan.
Tailer hauetan izen emateko epea ireki dute jada. Parekidetasun Sailera deituta, 943 377 110 telefono zenbakira, edo parekidetasuna@usurbil.net helbidera idatzita apuntatu daiteke.