Kolonbiako bake prozesua hizpide, V. Elkartasun Astean

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 30a, 00:00

Kolonbiako gobernuak eta FARC-eko ordezkariek hasitako negoziazio elkarrizketen inguruko informazioa jasotzeko aukera izango da, datorren V. Elkartasun Astean. Azaroaren 7rako hitzaldia eta hilaren 9rako film proiekzioa antolatu ditu Usurbilgo Elkartasun Taldeak, Usurbilgo Udalak eta Mundubatek lagunduta. Gai honi buruz hitz egiteko, Luis Plaza Velez sindikalista kolonbiarra gonbidatu dute. Usurbilen izango da azaroaren 7an. Arratsaldeko 17:00etan harrera egingo zaio udaletxean, eta 19:00etan hitzaldia eskainiko du Sutegin, Usurbilgo Elkartasun Taldetik gogorarazi dutenez, abiatu den “prozesu honetan kolonbiar herritarrek paper protagonista jokatu behar dutela kontuan izanda”.

Aipatu moduan bestalde, azaroaren 9an, film proiekzioa antolatu dute. “También la lluvia” pelikula ikusteko aukera egongo da, gaueko 22:00etatik aurrera Sutegin. “Ameriketako indigenen historia berridazteko eta baliabide naturalak kudeatzeko eskubidearen aldeko borrokak gogoratuko ditugu”, adierazi dute antolatzaileek.