Hauteskundeetako emaitzak aztertzeko, Herri Batzarra gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 30a, 00:00

Urriaren 21ean ospatu ziren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako emaitzak aztertzeko Herri Batzarra deitu du Usurbilgo Ezker Abertzaleak, astearte honetarako, urriaren 30erako. Hitzordua, gaur iluntzeko 19:00etan finkatu dute, Potxoenean. Bertaratzeko deia egiten diete herritarrei: "Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak igaro berri ditugu, eta hauteskundeetako biharamuna eta ajeak pasatuta, orain lortutako emaitzak patxadaz aztertzea dagokigu. Emaitzak oso onak izan dira, eta hori guztiok egindako lanari esker lortu da; zorionak, beraz, guztioi. Gasteizko Legebiltzarrean 21 eserleku lortzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta pozik egoteko motiboak baditugu ere, hausnarketa egiteko motiboak baditugu. Aurreikuspenetatik behera geratu gara hainbat tokitan, batez ere Gipuzkoan. Honetaz guztiaz hitz egiteko, eta Usurbilen EHBilduk lortu dituen emaitzei buruz hitz egiteko, bihar herri batzar bat egingo dugu, beraz, parte hartzera gonbidatu nahi dizugu".