Asteburu honetan hasiko da NOAUA! Kulturaldia

Noaua Aldizkaria 2012ko urr. 31a, 00:00

Irailaren 7an argitaratu genuen NOAUA! aldizkariaren 500. alea. 1996ko udaberrian jaio zen Usurbilgo herri aldizkaria eta, geroztik, 16 izan dira igaro diren urteak. Ordutik hona gauza asko gertatu dira. Aldizkaria izan da gertaera horien guztien lekuko. 500 zenbakietan oinarrituz, 16 panel atondu ditugu erakusketa batean. 1996tik hona igaro diren 16 urteei dagozkien 16 panel handi. Bertan jaso ditugu albiste deigarrienak, bitxienak... Ez dira denak. Baina daudenak, izan badira.
Azaroaren 2an, luntx batekin ospatuko dugu NOAUA! aldizkariaren 500. alea. Ekitaldi xumea bezain atsegina izango da. Idoia Torregaraik hitz batzuk egingo dizkigu Sutegin, 16 urteotako ibilbidearen erakusgarri izango direnak. Eta segidan, erakusketan jasotakoa azalduko da, labur-labur.

 

Azaroak 3 larunbata. “Publikoari gorroto”, antzerkia
Ander Lipus da obra honetako aktoreetako bat. Sutegin ikusi izan dugu aurretik. Unai Iturriaga bertsolariarekin batera, esate baterako, “Erregea eta bufoia” saioan. Telefonoz egin diogun elkarrizketan aitortu digunez, “Erregea eta bufoian agertzen diren pertsonaia ero horietako batzuk ere agertzen dira Publikoari Gorroto obran”.

Azaroak 3 larunbata 20:00etan Sutegin. Sarrerak: egunean bertan takillan, 10 euro. Aurretik 8 (Txiribogan, NOAUA!n).
NOAUA!ko bazkideek, 6 eurotan (soilik aldez aurretik eta soilik NOAUA!ko egoitzan).


Azaroak 10 ostirala. “Izanak dirau 1512”, dantza garaikidea
Ibarrako dantza taldea da Allur. “Oraingo honetan dantza eskolako gaztetxoei geure historiaren zati bat dantzaren bidez bizitzeko aukera eman diegu”. Alurr dantza taldearen beste aurpegia da eskola, taldearen etorkizuna ziurtatzen duena. “Horregatik, etorkizuneko dantzariei gure historia eta tradiziorantz begiratzeko aukera eman nahi diegu. Gure etorkizuna beraiena delako, ez dezaten memoria gal”. Antzeko argudioekin azaldu izan dute “Izanak dirau, 1512” izeneko ikuskizuna. Usurbilen izango ditugu azaroaren 10ean larunbata, kiroldegian. Gaueko 22:00etan hasiko da. Sarrerak 6 euroran. NOAUA!ko bazkideentzat 5 euro (aldez aurretik NOAUA!ko bulegoan).

Azaroak 11 igandea, “Gazta zati bat”. Jon Maiaren dokumentala
“Gazta zati bat” dokumentalak euskal gatazkaren gaia era berritzailean aurkeztu nahi  du: gertakizun handien hurbileko begirada eskaintzen du, historia handia letra txikiarekin kontatzen du, gertutasunez, intimismoz, umorez... Giza faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta albisteen kronika estereotipoetatik aldentzen da. Dokumental hau Idiazabalgo Nazioen Mundua herri ekimenak aurrera eramandako egitasmoa da eta Jon Maia bertsolariak zuzendutako lana da.
Azaroaren 11n igandea, 19:00etan Sutegin. Sarrera doan.

Azaroak 30 ostirala, “Leterekin kantu berbetan”. Jon Sarasuaren eskutik
Kantu Taldearekin batera antolatua, Jon Sarasuaren hitzaldi-kantaldiaz gozatzeko aukera izango dugu azaroaren 30ean ostirala, Sutegin. Sarrera doan.