Gaur emango zaio hasiera, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Kulturaldiari. Antzerki emanaldi, proiekzio eta ikuskizunak tartekatuko dira datozen egunotan. Aurtengo edizio honek ordea, izango du berezitasunik; joan den irailaren 7an argitaratu zen NOAUA!ren 500. zenbakiaren harira, eta bete dituen 16 urteen ibilbidea oroitzeko erakusketa berezi bat prestatu dugu. Gaur iluntzean inauguratuko da Sutegin.
Denboran atzera egin eta 16 urteotan Usurbilen izandako gertaera, albiste eta protagonista nagusien errepasoa egiteko aukera izango duzue, Sutegiko aretora gerturatzen bazarete. Panel desberdinetan, urtez urte, aldizkaria argitaratzen hasi zirenetik, 1996tik 2011 amaitu arte udalerri honetan albiste izan zena, testu eta irudi bidez, oroimena freskatu ahal izango da. Azaroaren 3tik 11ra zabalik izango da erakusketa, Sutegin. Bertan gainera, bazkidetza egiteko aukera izango duzue, urteotako astekariak kontsultatzeko aukera izatearekin batera. Ordutegi honetan zabalduko da:
-Astelehenetik larunbatera: 18:00-20:00.
-Igandetan: 12:00-14:00.
Gaur hasitako Kulturaldiaren baitan, beste ekitaldiok ere ospatuko dira:
Azaroak 3 larunbata. “Publikoari gorroto”, antzerkia
Ander Lipus da obra honetako aktoreetako bat. Sutegin ikusi izan dugu aurretik. Unai Iturriaga bertsolariarekin batera, esate baterako, “Erregea eta bufoia” saioan. Telefonoz egin diogun elkarrizketan aitortu digunez, “Erregea eta bufoian agertzen diren pertsonaia ero horietako batzuk ere agertzen dira Publikoari Gorroto obran”.
Azaroak 3 larunbata 20:00etan Sutegin. Sarrerak: egunean bertan takillan, 10 euro. Aurretik 8 (Txiribogan, NOAUA!n).
NOAUA!ko bazkideek, 6 eurotan (soilik aldez aurretik eta soilik NOAUA!ko egoitzan).
Azaroak 10 ostirala. “Izanak dirau 1512”, dantza garaikidea
Ibarrako dantza taldea da Allur. “Oraingo honetan dantza eskolako gaztetxoei geure historiaren zati bat dantzaren bidez bizitzeko aukera eman diegu”. Alurr dantza taldearen beste aurpegia da eskola, taldearen etorkizuna ziurtatzen duena. “Horregatik, etorkizuneko dantzariei gure historia eta tradiziorantz begiratzeko aukera eman nahi diegu. Gure etorkizuna beraiena delako, ez dezaten memoria gal”. Antzeko argudioekin azaldu izan dute “Izanak dirau, 1512” izeneko ikuskizuna. Usurbilen izango ditugu azaroaren 10ean larunbata, kiroldegian. Gaueko 22:00etan hasiko da. Sarrerak 6 euroran. NOAUA!ko bazkideentzat 5 euro (aldez aurretik NOAUA!ko bulegoan).
Azaroak 11 igandea, “Gazta zati bat”. Jon Maiaren dokumentala
“Gazta zati bat” dokumentalak euskal gatazkaren gaia era berritzailean aurkeztu nahi du: gertakizun handien hurbileko begirada eskaintzen du, historia handia letra txikiarekin kontatzen du, gertutasunez, intimismoz, umorez... Giza faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta albisteen kronika estereotipoetatik aldentzen da. Dokumental hau Idiazabalgo Nazioen Mundua herri ekimenak aurrera eramandako egitasmoa da eta Jon Maia bertsolariak zuzendutako lana da.
Azaroaren 11n igandea, 19:00etan Sutegin. Sarrera doan.
Azaroak 30 ostirala, “Leterekin kantu berbetan”. Jon Sarasuaren eskutik
Kantu Taldearekin batera antolatua, Jon Sarasuaren hitzaldi-kantaldiaz gozatzeko aukera izango dugu azaroaren 30ean ostirala, Sutegin. Sarrera doan.