Kutsaduraren aurkako elkarretaratzea gaur, ordu eta leku berrian

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 2a, 00:00

Gaur iluntzeko 20:00etan Atxegalden ez, ordu erdi lehenago, 19:30etan eta Mikel Laboa plazan finkatu du Itaya Gazte Asanbladak kutsaduraren aurkako elkarretaratzea. Irailaz geroztik lehen ostiraletan deitzen ari diren mobilizazioaren hitzordu aldaketa modu honetan argitu dute antolatzaileek: "Ostiralean egingo den UCINen kutsaduraren aurkako kontzentra lekuz eta orduz aldatu dugu. Lehenik, lekuz aldatzea erabaki dugu argitasun eskasa dagoelako errepide nazionalaren ondoan eta arriskutsua suerta daitekeelako. Bestetik, Noaua!ren kulturaldia errespetatzearren ordu erdi aurreratuko dugu kontzentra, hau da, 19:30etan. Beraz, badakizu, "UCINek gure osasunarekin jolasten du" lelopean kontzentra azaroaren 2an 19:30etan Mikel Laboa plazan".

Azkeneko mobilizazioa, urriaren 5ean burutu zen, "Ucinek gure osasunarekin jolasten du" lemapean. Amaieran, komunikatu bat irakurri zuten deitzaileek. Hemen testua, bere osotasunean:

"Duela hilabete ekin genion ITAYA gazte asanbladakook usurbildarrak aspaldi hontan izan dugun arazo larri honi publikoki salatzera. Handik hona, UCIN enpresako sindikatuekin harremanetan jartzen saiatu gara. Aditzera eman digutenez, sindikatuak indar oso gutxi du enpresan baina oraindik ez gara beraiekin elkartu. Udalarekin ere harremanetan jarri gara  kontzentrazioetara udal ordezkariren bat azaltzeko gonbita luzatuz. Ez dute bertaratu nahi izan UCIN enpresarekin komunikazioa berreskuratu nahian dabiltzalako, hemen egoteak elkarrizketak eten ditzakeen beldur direlako. Eskaera honen harira antolatu du gaur Udalak “Aire kalitateari buruzko bilera” Potxoenean.

Hasi ginenetik hilabete pasa da, hilabetean gauzak ez dira aldatu  noski, baina abiapuntua ezarririk indarrak metatzen jarraitzea besterik ez zaigu geratzen. Denborak argi utziko du herritar asko sentitzen direla kaltetuak, baita suminduta ere. Eta pozoia aireratzeko orain arte eduki duten lasaitasunak amaiera izango du!!! Ez baitiegu utziko horrela jarrai dezaten!!!

GORA USURBIL OSASUNTSUA!!!

BELAR TXARRAK ERROTIK!!!"