EHAZEren helburua, Antzerkizaleen Sarea sortzea

Noaua Aldizkaria 2012ko aza. 2a, 00:00

Larunbat honetan Usurbilen ospatuko den III. Antzerkizale Eguna aurkezteko burutu zuten aurkezpen ekitaldian, ekimen honetako antolatzaileek, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartekoek (EHAZE) antzerkiaren inguruko mugimendua indartu nahi dutela zioten. Bai biharko ekimenaren bidez, baita udalerri desberdinetan udazken eta negu parte honetarako antolatu dituzten beste hainbat hitzorduen bidez ere. Laburbilduz, antzerkiaren inguruan dagoen zaletasuna bildu nahi dute, zaletuen sarea sortu nahi dute. "Zaleak, eskolak, taldeak eta herriak batu nahi ditugu. Parte hartzea sustatu eta horren garapenean lagundu. Herri-herri tailerrak eta taldeak sortu ahala, antzerkilari berriak, antzezlanak eta ikusle gehiago sortuko dira. Herri-herri, eskualdez-eskualde, antzerkizaletasunaren aldeko dinamika sustatuz, adibidez, antzezlanak maiztasun gehiagorekin programatu ahal izango dira (aurrekontu txikiekin ere ahal delako)", adierazi zuten EHAZE-ko kideek.

"AntzerkiZale Sarea" izeneko egitasmo honen bidez, antzerkizaletasuna sustatu eta zabaldu nahi dute EHAZE-koek. Hiru helburu nagusiokin:
1-Herriz herri antzerkiarekin erlazionaturiko giroa sustatu eta zaleak egin protagonista, bai oholtza edo eszenatokitik, baita ere, emanaldien antolakuntza bidez.
2-Denborarekin, herrietako zaleek, beren herrietan taularatuko diren lanak beraiek proposatzea bilatzen da.
3-Astero astero antzerki zaleek euskarazko antzezlanak aurki ahal izatea.

Aipatu moduan, biharko Antzerkizale Egunarekin eta udalerri desberdinetan antolatu dituzten antzezlan emanaldiekin, datozen hileotarako egitaraua osatu dute. Datorren urtera begira da jada, EHAZE. "Dagoeneko 2013ko urtarriletik martxora bitarteko egitaraua lantzen ari gara. Gero, eta besteak beste, Aulestiko Topaketak espero ditugu. Ondoren, udaberriko egitarauari helduko diogu. Euskal Herrian zehar urte osoko egitaraua "lor" daitekeela sinesten dugu eta horretarako ondorengoak beharko ditugu: laguntza ekonomikoa, materiala eta humanoa. Izan ere, herrietako zaleen parte hartzearen baitan kokatzen baita ekimen honen bilakaera". 

Transmisio eta bultzatzaile lanak
Lan esparru desberdinetan aritu asmo du EHAZE-k. Laburbilduz, hauexek:
-Euskarazko Antzerkigintza ondare sozio-kultural eta historikotzat harturik, haren jakintza nahiz ibilbide historikoa lantzea eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bideratzea.
-Euskaraz ekoizten eta ekoiztuko diren antzerkigintzarekiko era guztietako ekimen, ekitaldi eta egitasmoak bultzatu, bideratu eta sustatzea.
-Antzerkizaleez osatutako mugimendu sozio-kulturala bultzatzea, eta horretarako, beharrezko diren ekimenak bideratzea.
-Antzerkigintzaren bidez hizkuntza, balore eta arte eszenikoaren transmisioa gizartean bideratzea.
-Antzerkigintzaren ohiko jardunean sor daitezkeen beharrei erantzuteko parte hartzea: antolakuntza, saioen egitura, aurkezpenak...
-Euskalgintzan eta kulturgintzan diharduten beste elkarteekin eta herri erakundeekin elkarlana bideratzea.
-Antzerkigintzak oro bat sortua duen eta sortuko duen ondareaz arduratzea eta gizartera zabaltzea.