Biharko III. Antzerkizale Eguneko egitarauak, kalejira, tailer edota antzerki emanaldiak dakartza. NOAUA!-ren eskutik, Huts Teatroaren "Publikoari gorroto" obra ikusteko aukera egongo da, iluntzeko 20:00etatik aurrera Sutegin. Eguneko azken ekitaldia izango da, goizeko 10:00etan hasiko baita III. Antzerkizale Eguna, klownari eta antzerki testuen idazketari buruzko tailer banarekin. Bi saioak Potxoenean burutuko dira. Parte hartzeko, aldez aurretik eman behar zen izena, txerriki@gmail.com helbidean.
Bazkalostean, kaleko ekitaldiak nagusituko dira. Hasteko, Irrien Lagunak bueltan datoz Usurbila, "Kultura plazara" izeneko antzezlanarekin. Jarraian, antzerki talde eta zaletuek Kaxko inguruan burutuko den kalejiran parte hartu ahal izango dute. Antzerkizale Egunaz jabetzeko hitzordu nagusia, 19:00etan burutuko da, manifestu baten irakurketarekin. Eta gero, beste antzezlan bat, "... eta behia agertu zen", Aldatzen Laguntzen antzerki taldekoen eskutik.
Egun osoz antzerkiaz gozatzeko aukera beraz, larunbat honetan, Usurbilen.